Lekeitio Palestinarekin elkartasun taldeak kandela martxa deitu du barikurako
20:00etan aterako dira Eskolapetik, antolatzaileek uste dute Palestinaren askatasunerako baldintza "Israel entitate sionista desegitea” dela.
Lekeitio-Palestina elkartasun taldeko azken mobilizazioa, abuztuan.Lekeitio-Palestina Lekeitio Palestinarekin elkartasun taldeak askotariko mobilizazioak egin izan ditu herrian, azkena abuztuaren 21ean egin zuten “Sarraskia gelditu! Palestina askatu!” lelopean. Orain bestelako mobilizazioa antolatu dute. Barikuan [abenduak 19] kandela martxa egingo dute, 20:00etan, Eskolapetik aterata.
Hain zuzen ere, elkartasun taldetik nabaritu dute munduko herri eta txoko askotan aurrera eramandako borrokak eragina izan duela, besteak beste, gobernuen posizioetan. Hala ere, ikusten dute “begibistakoa” dela oraindik “posizio epel eta hipokritak” erabiltzen direla: “Esku batekin Palestinar Estatua aitortu, baina besteagaz Israelekin harremanak mantendu eta Israelen proiektua babesten dute”. Horregatik uste dute “presioa biderkatu” beharra dagoela “Israelekin harremanak guztiz apurtzeko”.
Alde horretatik, Israelen eta Ameriketako Estatu Batuen “izaera inperialista” salatu dute. “Oraindik ere, suntsipen neurrigabea gelditzeko egindako akordioa errespetatzen ez duten erasoak burutzen ari dira etengabe. Inperialismoak bere interesak defendatzen jarraitzen du, eta Israelen asmoak betiko berbera izaten jaraitzen du: palestinar herria guztiz desagerrarazi, Gaza eta Zisjordania bereganatu eta Israel Handia eraiki”.
Palestinar herriaren “hamarkadetako borroka” nabarmendu dute, bereziki 2023ko urriaren 7tik aurrerakoak. Autodefentsa borrokarik gabe, honezkero Palestina osoa “Israelen menpe eta askapenerako aukerarik gabe” egongo zela dute dute. “Sarraskiaren nolabaiteko apaltzea eragiten duten sasi-akordioak hauspoa dira palestinar herriarentzat, baina ez da konformismorako garaia, ezta bake faltsua aldarrikatzeko. Israelen asmoek irauten duten bitartea genozidioak iraungo du”.
“Oraindik ere, suntsipen neurrigabea gelditzeko egindako akordioa errespetatzen ez duten erasoak burutzen ari dira etengabe”
Horregatik Lekeitio Palestinarekin elkartasun taldeak argi du genozidioagaz amaitzeko baldintza “Palestina osoaren askapena” eskuratzea dela. “Horrek Palestinan deskolonizazio prozesu oso bat eman beharra eskatzen du, eta horretarako baldintza Israel entitate sionista desegitea da. Horixe da palestinar herriak eta bere erresistentziak marraztutako norabidea. Ondorioz, erresistentziak bere bidean hartzen dituen erabakiak babestu eta elkartasun internazionalista aktiboa burutu beharra dago”
Inguruan “pedagogia” egiten jarraitu nahi dute hurrengoko puntuak indartuz: genozidioa salatu, Palestinaren askatasun osoa aldarrikatu, Palestinaren deskolonizazioa eta ondorioz Israelen desegitea aldarrikatu eta Israelekin harremanak mantentzen dituzten erakunde, gobernu eta enpresak salatu, presionatu eta boikoteatu.
Lekeitiotik bide horretan ekarpena egin nahi dute kandela martxa bezalako mobilizazioekin, “gure txikitik elkartasun internazionalista praktikara eramanez”. Eta ez hori bakarrik, Palestinagaz egin bezala, “munduko beste herri zapalduen zein gure herriaren askapenaren alde” borrokatzeko intentzioa agertu dute.