Kudeaketaren sarean
Euskara eta feminismoa ardatz hartuta, 11barrik andrazko esanguratsuen biografiak jasotzen dihardu, horiek hainbat diziplinatan gizarteari egiten ari diren ekarpenari ikusgarritasuna emateko helburuz. Ikus sarrera guztiak 11barriren webguneko 'Testuen bankua' atalean.
Formakuntzaz zuzenbidean lizentziatua, Nekane Naberan Arrasatek (Ondarroa, 1971) enpresa kudeaketan egiten du lan. 1994an Naberan Sareak-en hasi zen beharrean aitaren eskutik (Jose Maria Naberan), enpresa lehen urratsak ematen ari zela, eta hantxe jarraitzen du ordudanik. Gaur egun hango zuzendaria da Imanol Naberan Arrasate nebarekin batera.
Arrantzarako sareak egiten dituzte Naberan Sareak-en. «Sartu nintzenean, enpresa hazten ari zen, eta gauza asko ikasi beharra eduki genuen denok ere. Ikasi, eta ikasi ahala, egin. Produkzio zuzenean ez ezik, beste arlo guztian aritu naiz», azaldu du.
Etxean beti arrantzarekin lotuta egon izan dira, eta horrek mundu hori barrutik ezagutzera eraman du: «Egia da arrantza gizonez beteta dagoela, baina haiekiko harremana gehienetan errespetuzkoa izan da. Kontuan hartu behar da portuan andrek pisua eduki dutela eta daukatela. Guk kultura hori badaukagu; eta horrek jende aurrean kokatzen laguntzen gaitu».

Kudeaketa postua exijentziarekin lotzen dela eta, badauka horren inguruko hausnarketarik: «Gizartean ikusten dugu hori, oro har. Izan lanean, izan etxean, oso exijente jokatzera jotzen dugu geure buruarekin. Dena dela, inorengan jartzen dugu ardura hori, eta ondo begiratzen badugu, konturatuko gara geu garela geure buruarekin exijenteenak eta zorrotzenak. Eta ez dut uste genero kontua denik. Nire ustez, pertsona modura guztiok daukagu lanketa bat egin beharra. Bakoitzak bere izatea eta kapazitatea dauzka, eta lasaitasunez garatu behar ditu, gizartearen exijentzia maila altu horiei erantzutera behartuta sentitu barik, ze muturreko zorroztasunak funtzionamendu azeleratua edukitzera garamatza, eta hori nekagarria da».
Nekane Naberan eta kirola
Nekane Naberan hainbat kiroletan ibilia da. Atletismoan eman zituen lehen urratsak, Zubi Zahar ikastolan, aitarekin, bere sasoiko beste hainbat eta hainbat ikaslek modura. «Umea nintzelarik, gure etxean dena zen kirola, gure aita kirolean murgilduta baitzegoen ikastolako kirol arloa dinamizatzen. Neska asko zeuden, neskek kirolerako lekurik ez zeukaten garaian. Kirola gizonezkoena zen eta! Beraz, emakumeentzat aukera ona izan zen, kirol arloa eta arlo fisikoa garatzeko. Beste ikuspegi bat zabaldu zuen», dio. Ikastola amaitu ostean ere atletismo lehiaketetan parte hartzen jarraitu zuen Atletico San Sebastian taldean, 16 urtera arte.
Horrez gain, Ondarroako saskibaloi taldeetan —lehenengo ikastolakoan eta gero institutukoan— eta futbolean jokatu zuen. Gaur egun, lantzean behin aringa-aringa edo bizikleta egiten du: «Azken batean, beti geratzen da kirola egiteko gogoa. Ez naiz kirolari amorratu, baina mugitzen gara».
Hauxe dio lehenengo eta oraingo garaiak konparatzean: «Nik uste dut lehengo eta gaur egungo egoerak alderaturik, gora egin duela emakumeen parte-hartzeak kirolean, zeren eta lehen zein emakumek egiten zuen kirola? Nire sasoikoon artean emakume oso gutxik egiten zuten footinga. Ikastolan zerbait egiten genuen neskok, eta eskolan eta mojetan apenas. Gizonezkoen gauzatzat hartzen zen».