Ikusgarritasuna eta kirolzaletasuna uztartuko dituen eskualde mailako txapelketa, hastear
Lekeitioko Akarregi Pilota Taldeak bi pilota txapelketa herrikoi antolatu ditu. Bihar emango diote Pala III. Txapelketari hasiera, 50 bikoteko parte hartzearekin. Horietatik 18 bikote emakumezkoak direla ikusirik, emakumezkoen pala txapelketa propioa antolatu dute, berritasun gisa. Eskualdeko zeinbait frontoietan jokatuko dira partiduak.
Akarregi Pilota Taldeko kideak. Urtea hastearekin batera, Lekeitioko Akarregi Pilota Taldeak bi pilota txapelketa herrikoi jarriko ditu martxan. Alde batetik, Lekeitioko Pala III. Txapelketa; bestetik, Beteranoen Trinketeko Eskuz Binakako XX. Txapelketa. Pilota taldeak esan dutenez, bi txapelketetan “esku-hartze zabala” izan da. Hala nola, “ikusgarritasuna eta kirolzaletasuna” uztartuko dituzte biek ala biek, Lekeition, zein eskualdean euskal pilota formatu herrikoiaz gozatzeko aukera emanez.
Beteranoen trinketeko txapelketa urtarrilaren 18an hasiko den heinean, pala txapelketa bihar [urtarrilak 9] abiatuko da. Antolakuntzatik azaldu dutenez, 50 bikotek eman dute izena, horrela 100 parte hartzaile izanik, eta lehiaketa bihar hasiko den arren, martxoaren bukaerara arte luzatuko da. Aurten, gainera, berezitasunen bat zein beste ere izango du txapelketak, nabarmendu dutenez. Izan ere, lehen aldiz, emakumezkoen pala txapelketa propioa antolatu dute Akarregi Pilota Taldekoek, eta zehaztu dutenez, ekimenak “harrera aparta” izan du: “Emakumezko 18 bikotek hartuko dute lehiaketan parte”.
Gizonezkoak, ostera, hiru mailatan bereiziko direla aurreratu dute, horrela “txapelketa orekatua eta jokatzeko zein ikusteko erakargarria” izatea bermatuz. Lekeitioko Pala III. Txapelketaren baitan 130 partidutik gora jokatuko dira, ze, “inoiz baino parte hartze handiagoa” izan da. Pilota taldeko kideek gehitu dute, gainera, Lekeitioz gain, inguruko herrietan ere jokatuko direla norgehiagokak, horrela “eskualde mailako txapelketa bihurtuz”.
“Azpimarratu behar dugu partiden zati handi bat Lekeitioko Kiroldegiko frontoian jokatzea aurreikusita zegoela, baina bertako teilatuan itokinak agertu direnez, partida asko inguruko herrietako frontoietara lekualdatu behar izan ditugula”, esan dute. Horrek, txapelketa herriz herri zale gehiagok ikusteko aukera ahalbidetzen du.
Azkenik, antolatzaileek “biziki eskertu” nahi izan dute inguruko udalek izandako prestutasuna, “egoera traketsei azkar eta elkarlanean erantzun diotelako”: “Udal erakundeen laguntzari esker, txapelketaren antolakuntza eta egutegia bermatuta daude, eta pilotariek baldintza egokienetan lehiatzeko aukera izango dute”.