Inoizko parte hartzaileena izatea du helburu aurtengo Korrikak
Euskararen aldeko ekimena Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat herritatik igaroko da martxoaren 25ean eta 26an. Mutrikutik sartuko da hilaren 25ean, 19:25ean, eta Ispasterretik aterako da hilaren 26an, 0:45 aldera. Bitartean, Ondarroa (20:18), Markina-Xemein (21:23) eta Lekeitio (23:57) igaroko ditu.
23. Korrika Markina-Xemeinen. Argazkia: AEK. 2.175 kilometro izango ditu aurtengo24. Korrikak, eta lasterketa “inoiz baino parte hartzaileagoa” izatea aurreikusi dute antolatzaileek: izan ere, 3.436 lekuko-hartze izango ditu. Oraingo honetan martxoaren 19an Atharratzetik aterako da euskararen aldeko ekimen erraldoia, eta, 11 egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Bilbon amaituko du bidea, hilaren 29an, 460 udalerri ingurutatik igaro ostean. Udalerri horien artean egongo dira Busturialdeko eta Lea-Artibai eta Mutrikuko udalerriak, eta jakinarazi dute horietatik noiz eta ze ordutan igaroko den lasterketa handia.
Martxoaren 25ean (eguaztena) ailegatuko da lekukoa Lea-Artibaira: Mutrikutik sartuko da 19:25ean, eta Ispasterretik aterako da martxoaren 26an (eguena), 0:45 aldera, Busturialdeari lekukoa pasatuz.
Bitartean, eskuz esku ibiliko da: Ondarroa (20:18), Markina-Xemein (21:23) eta Lekeitio (23:57) igaroko ditu.
Hain zuzen ere, Busturialdera, Bedaronatik sartuko da lekukoa, eta Ea zeharkatuko du 01:20 aldera, handik eskualde osoan zehar ibiltzek, gero. Eskuz esku ibiliko da lekukoa, eta Bermeora ailegatuko da 04:57 aldera, handik Bakiorantz joateko.
Korrika elkarlanean eraikitzen da, eta kilometroak eskuratzeko epea otsailaren 1ean zabalduko dutela jakinarazi dute.
Hala, herriz herri, kalez kale, errepidez errepide… euskara garela erakutsiko du Korrikak 11 egunez eta 10 gauez.
Irteera, Atharratzen.
Ohiturari jarraituz, aurreko Korrika amaitu zen lurraldean hasiko da oraingoa: Xiberoan. Hala, Atharratzek emango dio hasiera Korrikari, Korrikaren “itzalguneetako” bat delako Xiberoako Basabürüa eskualdea. Izan ere, jakinarazi dutenez, Korrika ez da pasatzen bertatik, abiatzeko ez bada: handik pasatu zelan lehen eta azken aldia 1985ean izan zen, laugarren korrikan, handik abiatu baitzen. Ondorioz, euskara sustatzeko eta korrika egiteko beharra “agerikoa” dela esan dute antolatzaileek: “Xiberoan eta Basabürüan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek argira dakarte etxeko transmisioa eten egin dela, eskola transmisioak ez duela %15 gainditzea erdiesten, eta euskararen erabilera desagertzen ari dela kaleetan”. Gainera, jakinarazi dute Xiberoa dela —eta bereziki Basabürüa— azken hiru hamarkadetan, biztanle kopuruaren arabera, euskara hiztun gehien galdu dituen lurraldea. Horrela, Korrika bertatik abiatuko da, eskualdean euskara sustatzeko helburuz, 15:30ean.
460 udalerri zeharkatu ostean, Bizkaian amaituko da lasterketa, Bilbon. Korrikaren beste ohitura bati jarraikiz, bukaerak bost hiriburuen artean txandakatzen dira, eta aurten Bilbok izango du Korrikaren azken metroak ospatzeko ohorea. Martxoaren 29an, 07:20 pasata sartuko da euskara hauspotzeko lasterketa Bizkaiko hiriburura, eta eguerdian irakurriko dute lekuko barruko mezu sekretua, euskararen herritik hori eskuz esku pasatu ostean. Ondoren, egun osoko amaiera jai handiak hartuko ditu Bilboko kaleak.
Aplikazioa.
Aurreko ediziotik hona, Korrikaren doako aplikazioa berrikuntzekin etorri da aurten, hainbat informazio eta albiste primizian jaso baitituzte erabiltzaileek, baita Korrika Laguntzaileek ere. Eta, Korrikak iraun bitartean, aplikazioaren bidez eguneko bideokronika bereziak eskainiko dituztela aurreratu dute antolatzaileek.
Ibilbidea zuzenean jarraitzeko aukera ere emango du: batetik furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute Korrika garaiz, aurrerapenagaz edo atzerapenagaz dabilen; eta, bestetik, furgonetako zuzeneko irudiak ere eskainiko dituzte 24 orduz. Gainera, bilatzaile bati esker, erraz ikus daiteke lasterketa nondik pasatzen den.
Ohiko atalak ere baditu: Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen arteko zozketak erakusten dituzten bertan.