Irakurle Talde Feminista bueltan da Lekeitioko Andraetxean
Hirugarren urtez antolatu dute irakurle talde feminista Lekeition; oraingo honetan, bost saio parte-hartzaile prestatu dituzte, hausnarketa kolektiboa sustazeko.
Argazkia: Lekeitioko Udala Begirada feminista batetik aztertu daitezkeen liburuen eskaintza zabal batekin dator Lekeitioko Irakurle Talde Feminista aurten ere.
Aurten bost saio parte-hartzaile egingo dituzte, hausnarketa kolektiboa sustazeko, eta horietan lehenengoa otsailaren 24an egingo dute. Gainera, etxeko gonbidatua edukiko dute ikasturtea estreinatzeko: Olatz Dañobeitia. Bere Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak; tortura politikoa liburua izango dute hizpide.
Saioak 18:30etatik 20:00etara bitartean izango dira Lekeitioko Andraetxean. Izen-ematea zabalik dago parekidetasuna@lekeitio.eus helbidera idatzita eta kultur etxean.
Dinamizatzaile den Ane Labakak “oso ondo funtzionatzen duen dinamika” dela argi ikusi du aurreko bi urteetan. Hala, hirugarrenez ekin diote proposamenari, eta aurreko bi aldietan egindakoaren ildo beretik jarraituko dute.
Proposamen horrek talde-hausnarketarako eta begirada desberdinak ezagutzeko grina sortu nahi du hurbiltzen direnengan. Irakurketa taldean egiteak eskaintzen duen hori “oso aberasgarria” dela argi dauka Labakak. Norberak egiten duen irakurketa indibidual batetik haratago joatea da elkarretaratzeen helburua; izan ere, “pertsona batek ikusi ez dituen gauzak beste pertsona batek ikusi eta ideia horiek denon artean partekatu daitezke”.
Urtero legez, irakurketa eta hausnarketa kolekiboaren bitartez, “begirada feministak zabaltzea” izango da helburua. Aurten, genero literario aldetik aniztasuna aurkitzea eta oreka bat sortzea beharrezkoa iruditu zaio Labakari, eta interes horretatik sortu da aurtengo eskaintza.
Idazleak bertan izatea aukera bakarra eta bikaina da “sorkuntza prozesua eta liburuaren tripak” ezagutu eta horri buruzko nahi beste galdera eta ekarpen egiteko. Gainera, adierazi du Olatz Duñabeitia eta Miren Agur Meabe lekeitiarrak izateak beti duela “balio erantsi bat”, eta feminismotik aztertzeko eta lantzeko aukera ematen duten bi lanekin datozela horiek.
Espazio horien beharra ukaezina bihurtu da herri txikietan, eta sareak sortzearen eta mantentzearen alde egiten duen proposamen argia da: “Badago nukleo bat hutsik egin gabe beti etortzen diren emakumeena”. Taldea osatzen duten askok Andraetxera joateko ohitura izan dute lehendik, baina ekimen horren bitartez, gazteagoak diren neskak ere bertaratzea lortu dute: “Talde anitz hori sortu izana Andraetxera hurbiltzeko arrazoi bihurtu bada, asko pozten gara”.
Ane Koskorrotza Lekeitioko Parekidetasun zinegotziak azpimarratu du herritarren harrera ona izan dela, eta batek baino gehiagok bere esker ona adierazi izan diela: “Jendea oso gustora egon da bai liburuen aukeraketarekin, bai idazleak hor izatearekin”. Harrera on hori izan da beste urte batez proposamenarekin eta horren helburuarekin aurrera egiteko arrazoi nagusia.
Arduradun eta sustatzaileek gogoratu bezala, oraindik ere zalantzan dauden emakume horiei ere badago zuzenduta deialdia. “Espazio oso goxoak eta seguruak” sortzen direla adierazi nahi izan du Labakak, eta irakurtzea gustatzen zaion eta libururen baten interesa duen edozein emakume parte-hartzera gonbidatzen du.
Irakurle talde feministaren egutegia:
- Otsailak 24. Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak; tortura politikoa, Olatz Dañobeitiarekin.
- Martxoak 24. Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza (Danele Sarriugarte)
- Apirilak 21. Puntobobo, Itxaso Martinekin.
- Maiatzak 19. Dena zulo bera zen (Eider Rodriguez)
- Ekainak 16. Amorante frantsesa, Miren Agur Meaberekin.
Saioei buruzko informazioa jaso nahi izatekotan izena eman parekidetasuna@lekeitio.eus helbide elektronikoan edo Kultur Etxean. Saio solteetara joateko aukera ere badago.