Amiantoaren Oinarrizko Errolda egingo dute Etxebarrian eta Ondarroan
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako udalek 7/2022 legeari jarraiki bete behar duten errolda da, Lea-Artibaiko zenbait herritan ere abiarazi dutena.
Etxebarriako eta Ondarroako Udalak euren jurisdikziopean dauden eraikin eta instalazioetan dagoen amiantoaren errolda egiten ari dira otsailean zehar.
Bi herrietako udalek eskatuta, enpresa batek herrian egon daitezkeen amiantodun materialak erroldan erregistratuko ditu, apurka-apurka hauek kentzeko helburuarekin. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako udalek 7/2022 legeari jarraiki bete behar duten errolda da, Lea-Artibaiko Mankomunitateak ere, herritarren ongizatea bermatzeko abiarazi duena. Honi aurre egiteko, Geouskadi plataformaren bitartez garatu da nola egin udaletarako amianto-errolda. Herritarrak jakitun egon daitezen, Etxebarriko Udalak adierazi du ohikoa izango dela “Bureau Veritas enpresaren ibilgailu bat bere logotipoarekin ikustea hainbat kaletan zehar”. Gainera, adierazi dute honetan jardungo duten taknikariek enpresaren laneko arropak izango dituztela jantzita.
Arriskuak eta prebentzioa. Amiantoa duten materialak maneiatzen aritzea eskatzen duen edozein lanek esposizio arriskua dakar. Hau arnasteak lanbide-gaixotasunak eragiten ditu, eta eta 40 urte baino gehiagoren ostean agertzen dira bere ondorioak. Amiantoa industrian, eraikuntzan, ehungintzan eta automobilgintzan erabili izan den material bat izan da urte luzez, eta esposizioa arnasketaren bidez gertatu izan da. Amianto zuntzak isurtzen direnean, airean eskegita geratzen dira, eta gainerako gainazaletara itsasi ohi dira. Gainazal hauen artean langileen arropak daude, eta hauetan itsatsita geratzea gerta daiteke, zuntz hauek etxera eramanez.
Adituek adierazi bezala, lantokian zerbaitek amiantoa duela uste izatekotan, lanaldia etetea, eremua isolatzea eta arduradunari jakinaraztea da egin beharrekoa.