Jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua martxan dago Etxebarrian
Herritarren osasuna eta bizitza aktiboa bermatzeko helburuarekin arituko dira lanean doako orientazio zerbitzua eskainiz.
Jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua martxan dago Etxebarrian gaurtik aurrera. Edozein herritarreri zuzendutako doako zerbitzua da, jarduera fisikoaren bitartez, bizi estilo aktiboa eta osasuntsua sustatzeko. Ekimen hau herritarren osasuna eta bizitza aktiboa bermatzeko helburuarekin hasi du Etxebarriako Udalak: “Jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak onura ugari eragiten dizkio osasunari”. Gainera, hipertentsioari, diabetesari, asmari, hiperkolesterolemiari edo depresioari aurrea hartu eta hauek ekiditeko modu bat dela adierazi nahi dute.
Interesa duten herritarrek Eñaut Gorosabel izango dute lagun prozesuan zehar, berak izango baitu orientazioa eskaintzeko ardura. Gimnasioan hasi, indarra landu edo kirol munduan sartu nahi duen orori aholkularitza eskaintzea da helburua, eta horretarako, herritar edo talde hauekin hizketaldi bat egitea izango da lehen pausoa. Honen bitartez, bakoitzaren beharrak, egoera eta gaitasunak aztertuko dituzte. Hau ikusita, jardueren nondik norakoak pertsona edo talde bakoitzaren gaitsun eta beharretara egokituko dira, eta jarraipena egiteko aukera izango dute.
Kultur Aretoan batuko dira orientazioa eskatzen duten herritarrak. Martitzenetan 15:30etatik 18:30etara eta barikuetan 10:30etatik 13:30etara. Izena emateko, 663 036 051 telefono zenbakira deitu daiteke, baita egorosabel@athlon.com helbidera idatzi ere.