'Bi arnas' dokumentalaren emanaldia antolatu du Ziortza-Bolibarko Udalak
Torturaren Aurkako Egunaren harira antolatu dute proiekzioa barikurako [otsailak 13], memoria ariketa bat egiteko eta "torturaren praktikaren izaera antolatua" salatzeko.
Ziortza-Bolibarko Udaleko eragileak emanaldiaren aurkezpenean Ziortza-Bolibarko Udalak, Torturaren Aurkako Egunaren testuinguruan, Bi arnas dokumentalaren emanaldia antolatu du bariku honetarako [otsailak 13]. Proiekzioa 17:30etan izango da udaletxeko pleno aretoan.
Herritarrak hausnarketa egitera gonbidatuko dituen dokumentala da Bi Arnas. Torturari buruzko testigantza da, “bidegabekeria baten isla”. Sekula eskaini ez den elkarrizketa bat batzen du dokumentalak: Mari Nieves Diaz amarena eta Iratxe Sorzabal alaba torturatuarena. Torturak lapurtutako bi arnas dira ama-alabak, eta bizipen horrek eragindakoaz arituko dira.
Memoria ariketa bat
Udalak memoria ariketa bat egiteko aukera eskiani nahi die herritarrei. Argi adierazi dute herri honetan tortura zer izan den erakustea ezinbestekoa dela, eta gobernu desberdinek “disidentzia politikoari aurre egiteko ” erabili dutela. Espainiar eskatuan tortura erabat “sistematikoa” dela azpimarratu dute, eta gogorarazi dute tortura kasuak ez direla kasu isolatuak. Udalak zenbait datu argitaratu nahi izan ditu “isolamendu-eza” agerian uzteko: “Gaur egun, Eusko Jaurlaritza eta Nafar Gobernuak aitortu dituzten kasuak 4.113 dira. Espainiako Poliziaren 1.792, Guardia Zibilaren 1.785 eta Ertzaintzaren 336”. Paco Etxeberria auzitegi mediku eta ikertzailearen txostena ere izan dute oinarri: “%26 dira frankismoaren garaiko torturak, eta %74 Franco hil eta gerokoak”.
Udalak “torturaren praktikaren izaera antolatua” salatu du, eta ez zela 1975eko trantsizioak ez zuela hau desagerrarazteko balio izan: “izaera sistematiko hori izaten jarraitu zuen, eta metodoak baino ez ziren aldatu”. Hau honela, oraingo egoera salatzen jarraitzen dute, sistema demokratikoan ere, torturak disidentzien aurkako gobernuen ohiko praktika izaten jarraitzen duela esanez.
Torturak urteak pasata uzten dituen “ondorio negargarriak” azpimarratu nahi izan dituzte. Ez dituzte ahaztu nahi izan Egunkariako Juan Mari Torrealdai eta Martxelo Otamendi bera, “torturaren ondorioz, minbizia garatu dutenak”. Eta “joan berri zaigun Susana Atxaeranio” gogoratu nahi izan dute.
Proiekzio honen bitartez memoriaren aldeko eta ahanzturaren aurkako ariketa egin nahi dute herrian, eta bertaratu nahi dutenei ideia argi bai gogorarazteko: “Tortura gobernuen tresna bat izan da euskal komunitatearen alde antolaturik egon diren militanteak izutu, deuseztatu eta desagerrarazteko”. Honekin batera, “tortura sistematiko” hau ahalbidetu duten zenbait eragile seinalatu nahi izan dituzte: “Torturatzeko erabakia hartu duten politikariak; Guardia Zibila, Polizia Nazionala, eta beste maila batean, Ertzaintza; hau estali duten mediku eta forentseak eta salaketen aurrean entzungor egin duten epaileak. Baita kasuak estali eta babestu dituzten komunikabideak ere”.
Euskal komunitateak bere harriaren askatasunerako zenbat borrokatu duen jakinaraztea da udalaren asmoa, gazteei, bereziki: “Garrantzitsua da militante eta herritar desberdinek zein prezio garestia ordaindu duten eta ordaintzen ari diren jakitea”.
Udalak, beraz, adin guztietako herritarrak gonbidatzen ditu, bariku honetan, Bi arnas dokumentala ikustera.