Bilboko Korala hartuko du Xemeingo Elizak
'Xemeingo Ahotsak' ziklo koralaren hirugarren kontzertua da Bilboko Koralak Xemeingo Elizan eskainiko duena.
Bilboko Koralak kontzertua eskainiko du zapatuan [otsailak 14], 19:30ean, Xemeingo Elizan. Xemeingo Ahotsak ziklo korala da Bilboko abesbatza Markina-Xemeinera etortzearen arrazoia, eta emanaldi benetan berezia izatea espero dute antolatzaile eta herritarrek.
Xemeingo Abesbatzak bere 50. urteurrenaren harira antolatu ditu Xemeingo Elizan izango diren lau emanaldiak, eta Bilbotarrek eskainiko dutena ziklo honetako hirugarrena izango da. Urtarrilaren 10ean Oskarbi Korala ikusteko aukera izan zuten herritarrek, eta urtarrilaren 24an, aldiz, Suhar korala izan zen Xemeingo Eliza ahotsez bete zuena. Kantika Koralak itxiko du zikloa martxoaren 14an.
Sarrerak salgai daude Kareaga jostailu-liburu dendan, Tate gozotegian eta Ulemotx ileapaindegian 10 eurotan. Era berean, Instagram edo korreo bidez ere eskatu daitezke sarrerak: @xemeinabesbatza eta xemeinabesbatzamx@gmail.com helbideetan, hurrenez hurren. Egunean bertan ere, atean erosi ahalko dira.