I+G+Bko jardueretan aritzen diren emakumeen ehunekoa %35 da
Zientziaren arloko Emakumearen Nazioarteko Eguna da gaur, eta emakumeek komunitate zientifikoan eta teknologian duten "funtsezko zeregina" bultzatzeko beharra plazaratu dute Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak. Izan ere, Jaurlaritzaren arabera, txikia izaten jarraitzen du ikerketa-taldeen buru diren emakumeen kopuruak.
Argazkia: Osakidetza Unibertsitateko ikasketak egiten dituztenen erdiak baino gehiago dira emankumeak. Baina genero arrakala nabarmena dago ikasketa eremuaren arabera: osasun-zientziak oso feminizatuta dauden bitartean (ikasketa horiek egiten dituztenen hiru laurden baino gehiago emakumeak dira), fisika, arkitektura eta ingeniaritza graduetan heren bat baino ez dira emakumeak. Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perezek eman ditu datuak, gaur (otsailak 11) Zientziaren arloko Neska eta Emakumearen Nazioarteko Eguna dela aintzat hartuta, eta Hitzek aukerak itzaltzen dituzte kanpaina aurkeztu du, zeinak eguneroko hainbat adierazpenek —hala nola ‘utzi hori, ez da zuretzat’, ‘beste zerbait aukeratu’ edo ‘ez agindu hainbeste’— askatasunez aukeratzeko gaitasuna baldintza dezaketela ikusarazten duen.
Izan ere, sentsibilizazio kanpaina berri horrek estereotipoek eta mezu mugatzaileek neska gazteen hautu akademiko eta profesionala eragin dezaketela ikusarazi nahi du. Ze, beste zenbait datu esanguratsu ere jakinarazi dituzte: Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, doktorego tesien erdia baino apur bat gehiago emakumeek defendatzen dituzte, eta ia erabatekoa da unibertsitate sistemako irakasle eta ikertzaile guztien artean dagoen parekotasuna. Hala ere, I+G+Bko jardueretan aritzen diren emakumeen ehunekoa %35ean geratu da.
Bestalde, guraize-efektua edo emakumezkoen talentuaren galera mantentzen da karrera zientifikoan zehar. Txikia izaten jarraitzen du ikerketa-taldeen buru diren emakumeen kopuruak. Lidergo zientifikoko eta unibertsitarioko karguetan emakumeen ordezkaritza txikia da oraindik ere; adibide gisa, gizonak dira
katedradunen % 70 baino gehiago.
Gainera, emakumeek ez dituzte gizonek dituzten aukera berak zientziaren cursus honorum-en. Desparekotasun horren arrazoiak “askotarikoak” direla dio Perezek, baina ez da emakumeen eta gizonen jaiotzetiko desberdintasunen ondorio, eta ez du loturarik garapen ekonomikoaren mailarekin. “Gizarte-faktoreen eta oztopo sistemikoen ondorio dira, eta faktore horiek emakumeek eta neskek zientzia ikasketetan parte hartzea oztopatzen dute. Hein handi batean, estereotipoen efektuan dute jatorria; izan ere, estereotipo horien arabera, rol eta jarduera batzuk emakumeenak direla jotzen da, eta beste batzuk, ez”, esan du Perezek. Gehitu du alde horiek ez dutela inolako oinarririk, ez eta justifikaziorik ere: “Kaltegarriak dira, lehenik eta behin, emakumeentzat, garapen profesionalerako eta, beraz, garapen pertsonalerako aukerak galtzen baitituzte. Horregatik, erabat bidegabeak dira”.
Bestalde, gizarte osoari egiten diotela kalte ere adierazi du; izan ere, “gizarteari baliozko pertsonen ekarpenak kentzen” zaizkionez, mugatu egiten duela gizarteak zientzian eta teknologian aurrera egitea uste du sailburuak. Eta, genero desberdintasun hori, emakumeentzat bidegabea izateaz gain, gizarte osoarentzat kaltegarria dela dio, aurrerapen zientifikoa, berrikuntza eta garapen ekonomikoa mugatzen dituelako. “Horrela, herrialdeen garapena eta gizarte inklusibo, kohesionatu eta oparoak eraikitzeko ahaleginak geldiarazten dira”, azaldu du.
Zientziaren, unibertsitatearen eta berrikuntzaren esparruetan genero-desparekotasunari aurre egitea Eusko Jaurlaritzaren, unibertsitateen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gainerako erakundeen (horietako gehienek Genero Berdintasunerako Planak dituzte) ardura dela jakinarazi du. “Berdintasunaren aldeko ekimen sozial edo herritar ugari ere badaude. Eragile eta pertsona guztioi dagokigu zientzia, teknologia eta berrikuntzaren esparruan genero-berdintasunaren alde lan egiten jarraitzea”, dio.
Emakumeek zientzia behar dute, eta zientziak emakumeak behar ditu. Ezagutza-iturri guztiak, talentu iturri guztiak eta berrikuntza-gaitasun guztiak baliatuz bakarrik lor daiteke garaiko erronkei erantzuteko eta bizitza hobea lortzeko helburua.
Eginkizun “erabakigarria”.
Emakumeek komunitate zientifikoan eta teknologian duten funtsezko zeregina aitortzeko eguna da gaurkoa, eta Osasun sailak egun jakin hori aprobetxatu du emakumeek eta neskek komunitate zientifiko eta teknologikoetan duten eginkizun “erabakigarria” areagotu egin behar dela azpimarratzeko. Ildo horretan, Osasun Sailak eta Osakidetzak ikerketan emakumeen lidergoan egindako aurrerapenen balioa nabarmendu nahi izan dute; izan ere, ikertzaileen ia %67 emakumeak dira, eta, ikertzaileen %42,5 dira proiektuen buru ari direnak. Zehatz esateko, Osakidetzan, osasunaren arloko 2.622 ikertzailetik 1.745 emakumeak dira, eta 877 gizonezkoak.
Gainera, nabarmendu dute Osakidetzan langileen %80 emakumeak direla, euskal osasun sistema publikoan emakumeen presentzia handia dela agerian utziz. Izan ere, Osakidetzako Berdintasunerako II Planaren helburua emakumeen presentzia, ikusgarritasuna eta lidergoa handitzea osasun sistemaren etorkizunerako funtsezkoak diren berrikuntzaren eta ikerketaren eremuan. Horri lotuta, Osakidetzak ziurtatu du egindako bidea nabarmentzeko modukoa dela, eta ibilbide-orrian aurrera egiten jarraitu behar duela, gero eta emakume gehiagok aukera izan dezaten osasuna eta zientzia benetan aldatuko dituzten proiektuen buru izateko, berdintasunarekin bat egiten duen ikuspegi batetik.