Landatartasun handiena duten udalerrietara 5 milioi euro inbertituko ditu BFAk
Bizkaiko Foru Aldundiak 'Bizkaia Denontzat' estrategiaren barruan kokatzen den programa berri bat jarriko du abian. Horrekin, Bizkaiko 83 udalerritan —tartean Aulesti eta Ziortza-Bolibar— 5 milioi euroko inbertsioa egingo du guztira.
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia. Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Denontzat estrategiaren barruan kokatzen den programa berri bat jarriko du abian lurraldean landatartasun-maila handiena duen udalerrientzat. Besteren artean, Aulesti eta Ziortza-Bolibar izango dira programaren onurak jasoko dituztenak. Hala, aipatutako horietan eta gainontzeko udalerrietan, guztira 5 milioi euroko inbertsioa egingo dela jakinarazi du aldundiak. Jarduketak landa-bideak hobetu eta mantentzearen helburuari eusten dio, bizilekua edozein izanda ere, “lurralde-kohesioa indartzeko eta aukera-berdintasuna bermatzeko” asmoz.
Nabarmendu dute programa horrek “zuzenean erantzuten” diela ahaldun nagusiarekin egindako eskubide-topaketetan udalerriek azaldutako eskaerei: “Topaketa horietan agerian geratu zen berariazko sostegua behar dela landa-azpiegiturak mantentzeak dakarren kostu handiari aurre egiteko, batez ere udalerri txikienetan eta biztanleria-dentsitate apalena dutenetan”.
Estrategiak lurraldea era orekatuan garatzeari eta landa-eremuei arreta berezia eman nahi diela esan dute, eta horretarako, Landa Ingurunearen Garapenaren Legean jasotako landatartasun mapa eta biztanleria-dentsitatea kontutan hartuko ditu laguntza horiek arautzeko dekretuak. Hala nola, aurreratu dute “guztira Bizkaiko 83 udalerriri” ekarriko diela onura programa honek; gehienez 60.000 euroko laguntza ezarriko ditu udalerri bakoitzeko.
Irizpideak.
Dirulaguntzak “irizpide objetiboaren arabera” banatuko direla azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta horretan “landatartasun-maila eta biztanleria-dentsitatea” kontuan hartuko direla gaineratu du. Alegia, hurrengo irizpideak eman dituzte aditzera: “Arreta Bereziko Egoeretan dauden udalerriek %75erainoko dirulaguntza jasoko dute. Entitate guztiak landa-izaerakoak dituzten udalerriek eta 150 biztanle/km² baino gutxiagoko dentsitatea dutenen, berriz, %65eko dirulaguntza. Dentsitatea 150-300 biztanle/km²-koa duten udalerriek, ostera, %55eko dirulaguntza jasoko dute; eta azkenik, dentsitatea 300-450 biztanle/km²-koa dutenek %50ekoa”.
Gauzak horrela, dekretu arautzailea aurtengo udaberrirako argitaratzea aurreikusten du aldundiak, eta esan dute 2027ko apirilera arteko epea ezarriko dela laguntza horiek justifikatzeko.