Hogei postu izango ditu Markina-Xemeingo Landare Azokak
Landare eta artisau azokaz gain, lurraren emankortasunari buruzko hitzaldia eta tailerra eskiniko dute Pleno Aretoan.
Loreen, landareen, ekoizleen produktuen eta artisautza azoka egongo da, zapatuan [otsailak 14], 10:00etatik 14:30etara, Markina-Xemeingo zelaian. Beste urte batez, handik eta hemendik etorritako ekoizleen produktuen erakusketa eta salmentarako gunea antolatu dute, eta guztira, “ekoizleen 20 postu, artisauen 12 eta mintegien edo landare-haztegien 7” egongo direla adierazi du Lea-Artibai Landa Garapenerako elkarteak.
Aldi berean, Neguko Merkatu Txikia egongo da, 9:30etatik 14:30etara, arkupe aurrean.
Landareei buruzko jardunaldiak antolatzea ohitura izan da aurreko urteetan, eta aurten, berrikuntzaren aldeko apustua egin nahi izan dute. Lurraren emankortasunari buruzko jardunaldia eta tailerra eskiniko dute Pleno Aretoan. 10:30etan hasi eta 12:30ak arte, lurraren emankortasunari buruz arituko dira, eta tokiaren edukiera bete arte hurbildu ahalko da gai honetan interesa duen pertsona oro. Sustraiak Habitat Design-ek izango du jardunaldia eta tailerra eskaintzeko ardura, “trantsizio agroekologikoan murgilduta dagoen kooperatiba” baita. Gainera, jardunaldian erakutsiko duten bezala, “nekazaritza berritzaile eta birsortzailea lantzen eta bultzatzen” aritzen dira.
Nahi duenak bere lurraren lagin bat eraman dezake, eta honen emankortasuna aztertzeko aukera egongo da. Honei esker, lur hori zertarako den aproposa jakin ahalko dute. Lurra aztertzeko, 15-20 zentimetroko sakoneran hartutako 500 gramoko lagin bat eramatea gomendatu dute.
Landa Garapenerako Elkarteak aurreikuspen itxaropentsua egin du. “Azokek oso harrera ona izaten dute inguru honetan”, eta jende asko etortzea espero dute.
Egitaraua
- 09:30-14:30. Hemen Be Bai merkatari elkartearen eskutik, Neguko Merkatu Txikia, Arkupe aurrean.
- 10:00-14:30. Landare azoka, Zelaian.
- 10:30-12:30. Nola hobetu zure lurraren emankortasuna? tailerra, Osoko Bilkura Aretoa.