Jone Maguregi: "Nire burua urte luzez konpetitzen ikusten dut"
Powerlifting-a ezagutu gabe hasi zen Jone Maguregi kirol horretan lehiatzen. Etengabeko lanari esker, berarentzat erreferente ziren horiekin elkarbanatu ditu kirol-eremuak markina-xemeindarrak. Orain, indartsuenen artean lehiatzera heldu da, eta askorentzat, bera bihurtu da erreferente argi bat.
Jone Maguregi powerlifter markina-xemeindarra 2021ean sartu zen Jone Maguregi markina-xemeindarra powerlifting kirolaren munduan. 2025ean Espainiako markak hautsi, eta nazioarteko lehiaketetara egin zuen jauzia. Orain, lagunekin eta bikotearekin partekatzen duen kirol hori bizimodu bilakatu da, eta inoiz baino indartsuago ikusten du bere burua.
Zer da powerlifting-a?
Jende askok halterofiliagaz konparatzen du. Hala ere, kirol horretan bi ariketa dituzte, eta guk hiru egiten ditugu: sentadilla, banku-prentsa eta pisu hila. Ariketa bakoitzean hiru ahalegin dituzu, eta altxatutako pisurik altuena kontuan hartzen da amaieran, batuketa egin eta pisu totala kalkulatzeko.
Zer hartzen da kontuan lehiaketa batean?
Lehiaketetan epaimahaia dago, eta, beraz, mugimendua egiterakoan parametro batzuk bete behar ditugu. Adibidez, sentadillan puntu batetik behera jaitsi behar zara eta banku-prentsan etenaldi bat egin behar duzu. Teknikari dagokionez, parametro horien barruan ahalik eta pisu gehien altxatu ahal izateko, bakoitzak berea erabiltzen du.
Zelakoa da zure entrenamendu bat?
Kirol honetan garrantzitsuenak hiru mugimendu horiek dira, eta, beraz, entrenamenduaren zati handienean, horiek praktikatzen aritzen gara. Lehiaketan altxatzen ditugunak baino pisu txikiagoekin praktikatzen dugu normalean, eta mugimenduetan etenaldiak sartuz edo mugimenduaren abiadura murriztuz praktikatzen dugu. Nik, adibidez, astean lau aldiz entrenatzen dut banku-prentsa, hiru aldiz sentadilla eta bi aldiz pisu hila. Gero, mugimendu horiekin lantzen ez ditugun atalak beste ariketa batzuen bitartez lantzen ditugu; besoak edo bizkarra, adibidez.
“Sare sozialen bidez neska askok egiten dugun lana oso garrantzitsua da”.
Zelan hasi zinen kirol hau egiten? Zein da zure istorioa?
Gimnasiora joaten nintzen sarri, eta gustuko nuen. Gaur egun nire laguna den pertsona batek Instagram bidez idatzi, eta esan zidan berak kirol hau egiten zuela eta gustatuko zitzaidala, eta horrela izan zen. Gaur egun, kirol honetan dabiltzan pertsona askok sare sozialen bidez ezagutu dute kirola. Momentu hartan, ez zen batere ezaguna, baina esan beharra dago azken urteetan sare sozialetan gure tokia egin dugula, batez ere, neskok. Egia da neska askok ez dutela indarra lantzen duten kirolik egin nahi, muskulua irabazteak eta gorpuzkera handia izateak beldurra sortzen duelako. Baina, sare sozialen bidez neska askok egiten dugun lana oso garrantzitsua da, eta gero eta gehiago dira kirol hau praktikatzen dutenak, sareetan emandako ikusgaitasunari esker.
Hasiera horretan, izan duzu erreferenterik? Eta orain, ze erreferente dakauzula esango zenuke?
Hasieran izan nituen erreferente berberak izaten jarraitzen dut. Aldatu dena da, hasieran erreferente ziren horiek orain nire lagunak direla. Laura Betusta eta Inma Soto aipatuko nituzke, azken honek nire kategori berean konpetitzen du, eta beti dago ni baino apur bat gorago, kar kar kar. Amira eta Eva ere aipatuko nituzke, hasieran erreferente zirenak eta orain nire lagunak direnak.
Zer eman dizu powerrak kirol honetan jarraitzeko?
Hasieran, entrenamenduak oso gogorrak ziren, eta ez zen erraza astean lau aldiz hiru ordu luzez entrenatzea. ‘Zer da hau’ pentsatu nuen behin baino gehiagotan. Nire lehenengo lehiaketara ezer jakin gabe joan, eta hirugarren geratu nintzen. Gero, lehiaketa ofizial batean lehenengo postua lortu nuen. Zerbaitetan ona nintzela ikusi nuen, eta aprobetxatu egin behar nuen, kar kar kar. Ohitzea da kontua; hortik aurrera dena errazago egiten duzula ikusten duzu, eta asko gustatzen zait egunero gero eta indartsuagoa naizela ikustea. Behetik hasi, nazioarteko lehiaketa batetik pasatu eta nazioartera heldu izanak kirol honetan geratzeko motibazio nahikoa eman dit.
“Hori da kirol honen alde politena, maila edozein dela ere, lehiatu daitekeela”.
Inguratzen zaituzten horiek gabe posible litzake egindako guztia lortzea?
Berez, kirol indibiduala da. Hala ere, niretzat, nire bikotearekin partekatzen dudan kirol bat da, eta bakoitzak bere entrenamendua egiten badu ere, badakizu beti duzula norbait pixka bat gehiago egitera bultzatuko zaituena. Gainera, nire entrenatzailearekin egunero egiten dut berba, eta lehiaketetan beti zaude kirolari esker egin dituzun lagunez inguratuta. Bakarrik egingo banu, desberdin ikusiko nuke.
Nolakoa izan zen zure lehenengo lehiaketa?
Nire lehenengo lehiaketara joan nintzenean, ez nekien zer zen powerlifiting-a. Data heldu baino hilabete lehenago, lagun batek esan zidan ofiziala ez zen lehiaketa bat zegoela Euskal Herrian, eta gustatuko zitzaidala, probatzeko. Giroa ikustera eta probatzera joan nintzen, eta gustatu zitzaidan. Agian, hori da hasteko lehenengo pausoa. Nik entrenatzen dudan jendeari esaten diot ea zergatik ez duten lehiaketa baten parte hartzen. Denbora gutxi daramatela esaten didate, baina konpetitzea da benetan gustatzen zaizula egiaztatzeko modua.
“Behetik hasi, nazioarteko lehiaketa batetik pasatu eta nazioartera heldu izanak kirol honetan geratzeko motibazio nahikoa eman dit”.
Espainian lehiatu duzu, eta errekorrak hautsi, eta nazioartean hainbatetan lehiatzera heldu zara.
Espainiako lehiaketak eta bertan lortutako errekorrek eraman ninduten nazioartean aritzera. Lehiaketa honetan lortu nuen banku-prentsan 117,5kg altxatzea, eta bere momentuan errekorra izan zen. Oroitzapen berezia da, honi esker hasi bainintzen nazioarte mailan lehiatzen.
Zeintzuk dira zure lorpen nagusiak?
Sentadillan 173kg, banku-prentsan 117,5kg eta pisu hilean 187,5kg dira, momentuz, lortu ditudan pisurik altuenak. Hala ere, lau aste barru lehiaketa bat daukat, eta espero dut zertxobait gehiago izatea.
Nola ikusten duzu zure burua lehiaketa horretarako?
Momentu honetan oso ondo nago, indartsu ikusten dut nire burua. Lehiaketa honetan ez bada, aurten, pisu hilean 200 kiloak altxatzea da nire helburua. Sentadillan 180 kilo eta bankan 120 kiloko markak lortzeko asmoarekin noa, baina ikusiko da. Egia da kanpora joatea, nazioarteko mailan lehiatzea eta hainbeste jende indartsuren aurka aritzea bera, niretzat irabaztea dela. Helburua beraz, ondo geratzea da. Gero, egia da txarto aritzen banaiz, ez naizela hain pozik egongo, kar kar kar.
“Lehiaketa honetan ez bada, aurten, pisu hilean 200 kiloak altxatzea da nire helburua”.
Zelan animatuko zenuke norbait kirol hau egiten hastera?
Ez da pisu zehatz bat altxatu behar hasi ahal izateko. Lehiaketa batera zoazenean, jendeak daukazun guztia ematen ari zarela ikusten du, eta berdin zaie zenbat kilo ari zaren altxatzen. Ondo irakatsiko duen entrenatzaile batekin hastea gomendatzen dut. Txapelketa txiki asko daude, eta zure mailako jende asko egongo da. Hori da kirol honen alde politena, maila edozein dela ere, lehiatu daitekeela.
Urte gehiagoz ikusiko zaitugu lehiatzen?
Momentuz, bai. Nire gainetik beste pertsona bat dago, eta nire helburua bera pasatzea eta nire kategorian Espainiako Estatuko indartsuena izatea da. Egia da ni baino lau urte lehenago hasi zela honetan, baina oraindik garaiz nabil. Asko gustatzen zait egiten ari naizena egitea, eta, beraz, nire burua urte luzez konpetitzen ikusten dut.