Euria tarteka, giro ederra Markina-Xemeingo Landare Azokan
Loreen, landareen, ekoizleen produktuen eta artisautza azokak hainbat markina-xemeindar eta eskualdeko biztanle erakarri ditu gaur goizean.
Goizean goiz hasi dira ekoizleak, artisauak eta landare-haztegietako saltzaileak euren postuak antontzen. 10:00etatk aurrera, urterolez, markina-xemeindarrek loreen, landareen, ekoizleen produktuen eta artisautza azoka izan dute herrian, eta handik eta hemendik ekarritako produktuak ikusteko eta erosteko aukera izan dute.
Gazta, eztia, okela, ogia, euskal pastela, eta beste hainbat produktu ikusteko aukerak erakarri ditu herritarrak. Markina-Xemeinego ekoizleek ere ez dute bertan egoteko eta euren kalitatezko produktuak eskaintzeko aukera galdu nahi izan: “Etxeko ardien esnearekin egindako gazta saltzen dugu, Idiazabal jatorri-izendapenekoa. Gazte freskoa eta gazta urdina ere baditugu”. Aukerak anitzak izan dira, gustu guztietarako prestatutako produktuak eskaini dituzte eta.

Erositako produktuak zeramatzaten askok esku batean, eta aterkia, bestean. Postuetako erosle eta saltzaileen arteko elkarrizketa bat baino gehiago euriari buruz izan dira gaurkoan: “Sasoi honetan askotan egin izan digu euria, baina seguru jendea mugituko da goizean zehar”. Hala izan da, eguraldiak bere aurpegirik onena erakutsi ez badu ere, ez da etxean geratzeko motibo izan askorentzat.
Landare-haztegietako saltzaileak ere izan dira zelaian. Nolanahiko landare, zuhaixka eta loreak aurkitu ditu jendeak, eta batek baino gehiagok eraman du landare bat edo beste etxera. Landare handiak nabarmenagoak izan dira tamainagatik, baina batzuek kolore bizietan jarri dute begirada: “Etxean ez daukat landareak jartzeko toki handirik, beraz, loraren bat erosteko asmoarekin nator”.

Tarteka euria egin badu ere, egon da non hartu aterpe. Frontoian Neguko Azoka Txikia eskaini du Hemen Be Bai merkatari elkarteak. Herriko dendek kalea hartu eta ume zein nagusientzako arropak, egurrez egindako belarritakoak edo bestelako produktuak eskaini izan dituzte postuetan. Herri plataformek ere materiala saltzeko toki bat izan dute herriko denden artean.