Herritarrak kolore, mozorro eta algara artean batzeko eguna
Aulestiko eta Etxebarriako herritarrek lotsak alde batera uzteko eta eguna elkarrekin pasatzeko aitzakia dute gaurko egunean. Eskualdeko herri gehienetako plaza eta frontoiak goraino bete dira gaur.
Torrezelaitik hasi eta plazara heldu den kalejirak eman die hasiera Aulestin Inauteriei. Aterpe baten beharrarekin hasi dute eguna, baina euriak ez du horrenbeste itxarondako jaia geldiarazi. Aulestin bereziak dira inauteriak. Herritarrek lotsak alde batera utzi eta parte-hartzeko eta ondo pasatzeko grina agerian geratu dira zapatu goiz honetan.Ā
Antzezpenak eta dantzak eskaini dituzte herriko bi kuadrillak. Lehena, Lagunak taldea irten da gaurko egunerako landuta ekarri duten dantza egitera. Jendeak berotasuna nabaria izan da, antzezpenean zehar, herriak bat egin baitu gaztetxoen kuadrillak egindako ikuskizunarekin. Bigarrenek Bilax Pipol ezizenez aurkeztu dute euren taldea. Talde estatubatuarraren YMCA kantuaren erritmora mugitu dituzte gorputzak, baita gainerako herritarrei mugiarazi ere. Herritarren txalo zaparrada eta oihu artean amaitu dute dantza saioa.

‘Bilax Pipol’ taldea, dantzan
Aulestiarrentzat ospakizun honen irudi den Inauteriri ohikoa den ongietorria egin diote herriko plazan. Elizatik jaitsi dute inauteri, ospakizunean murgilduta egon diren herritar guztien begiraden gainetik. Zerura begira egon diren une horretan, euriak bake une bat eman du, eta inauteriei ongi etorria emateko bolandera bota dute.
Gazte Asanbladaren eta Leargi eta Mendi martxako kideen esku geratu da antzezpen onenen erabakia. Irabazleak argi izan dituzte, eta sari banaketari ekin diote plazan.Ā LagunakĀ taldeak irabazi du gaztetxoen saria, eta 35 euro eta diploman banatu dizkiete.Ā Bilax Pipol taldeak ere saria merezi izan duela erabaki du epaimahaiak, eta beraz, 70 euro eman dizkie, eta Inauterietako urtebeteko trofeoa ere beraien esku geratu da. Azken sari bat ere iragarri dute, “sari berezia” izenarekin banatu dutena. Andrew eta Hiart amona dotore bi izan dira, eta originaltasuna oinarri, aipamen berezia egin die herritarrek.

Dantza lehiaketako irabazle batzuk
Hau amaituta, herri bazkaria izan dute umeek eta nagusiek. Arratsaldean, gainera, umeentzako jolas parkea zabaldu da, eta Kittu musika taldeak izango du herria musikatzeko ardura.
Etxebarrian ere eguraldiak ez ditu jaiak inola gelditu. Frontoian batu dira ume, gazte eta helduak, eta mozorrorik onena nork duen eztabaidatzeko gogoekin heldu dira batzuk. Bazkari herrikoia izan dute lehenik, eta arratsaldea mozorro eta antzezpen barregarriz bete dute. Sarien zerrenda amaitezina izan dute. Adin guztietako haur zein gazteak izan dituzte kontutan, eta asko izan dira, mozorro onenagatik, esku artean saria izan dutenak. Kuadrillek ikuskizun paregabeak eskini dituzte, originaltasunez eta umorez betetakoak, alegia.

Etxebarriako Pailazoen ikuskizuna

Mozorro lehiaketako irabazleak
Eskualdeko beste zeinbait herritan ere jantzi dituzte mozorroak. Munitibarren eta Mutrikun, adibidez, kalejitan eta diskofestetan murgildu dira herritarrak. Ondarroan ere, festarako gogokin irten dira herritarrak, eta emanaldiak, erromeria, mozorro lehiaketa eta festa izango dituzte gauean zehar. Lekeition, ohikoa izaten duten bezala, txarangak girotuko du herria.Ā