'Bi arnas' dokumentala eskaini dute Ziortza-Bolibarren, «torturaren praktikaren izaera antolatua» salatzeko
Torturaren Aurkako Egunaren harira egin zuten barikuan 'Bi arnas' dokumentalaren emanaldia eta osteko solasaldia. "Torturaren praktikaren izaera antolatua" salatzea izan zuten asmoa, eta helburua beteta, udala pozik agertu da emaitzarekin.
'Bi arnas' dokumentalaren emanaldia eta solasaldiaZiortza-Bolibarko Udala Bi arnas dokumentalaren emanaldian batu ziren ziortza-bolibartarrak, barikuan, udaletxean. Torturari buruzko testigantza eta «bidegabekeria baten isla» da ikus-entzunezkoa, eta Iratxe Sorzabalen eta bere amaren bizipenak ikusi eta entzuteko aukera izan zuten proiekzioan. Gainera, horren ostean, solasaldian elkartu ziren. Izan ere, barikua, otsailaren 13a izan zen Torturaren Aurkako Eguna.
Ziortza-Bolibarko udal ordezkariek eta eragileek adierazi bezala, «torturaren praktikaren izaera antolatua» salatzeko asmoarekin antolatu zuten ekitaldia, eta adierazi dute emanaldia «polito» joan zela eta izandako emaitzarekin «gustura» agertu direla.
Ordubeteko emanaldia izan zuten, eta adierazi dutenez, «jendea oso hunkituta egon zen Sorzabal eta Nekane Txapartegiren tortura eta bortxaketa testigantzak entzun ondoren».
Solasaldian, dokumentalaren ekoizle den Imanol Arzuagarekin batu ziren. Dokumentala sortzeko ideia berea izan zela adierazi zien ikusleei, baita torturak dituen «ondorio negargarriak» erakustea oinarri zuela lanak ere. Sorzabalen laguna eta bere familiaren hurbilekoa denez, Sorzabalen bizitzari eta bizipenei buruzko hurbileko kontakizunak eskaintzen ditu dokumentalak. Hori horrela, horiei eta sormen prozesuari buruz berba egin zuten solasaldian, eta bertakoek egindako galderak erantzun zituen ekoizleak: «Familia giroan eta hurbiltasunez hitz egin zien bertaratu zirenei» .
Udal ordezkari eta eragileek aldarrikatu bezala, memoriaren alde egiteko eta ahanzturan ez jausteko ariketa egin zuten barikuan ziortza-bolibartarrek, «militante eta herritar desberdinek zein prezio garestia ordaindu duten eta ordaintzen ari diren» jakiteko eta gogoratzeko bide bat zabalduz.