'Bi arnas' dokumentala eskaini zuten Ziortza-Bolibarren, «torturaren praktikaren izaera antolatua» salatzeko
Torturaren Aurkako Egunaren harira egin zuten barikuan 'Bi arnas' dokumentalaren emanaldia eta osteko solasaldia. "Torturaren praktikaren izaera antolatua" salatzea izan zuten asmoa, eta helburua beteta, udala pozik agertu da emaitzarekin.
'Bi arnas' dokumentalaren emanaldia eta solasaldiaZiortza-Bolibarko Udala Joan den barikuan batu ziren ziortza-bolibartarrak Bi arnas dokumentalaren emanaldian. Torturari buruzko testigantza eta “bidegabekeria baten isla” den ikus-entzunezkoa motibo, udaletxean batu ziren zenbait herritar. Iratxe Sorozabalen eta bere amaren bizipenak ikusi eta entzuteko aukera izan zuten proiekzion, eta hauek izan ziren izpide osteko solasaldian. Torturaren Aurkako Egunaren auzkezpenean Ziortza-Bolibarko Udalak adierazi zuen bezala, “torturaren praktikaren izaera antolatua” salatzeko asmoarekin antolatu zuten ekitaldia. Udalak emanaldia “polito” joan zela adierazi du, eta izandako emaitzarekin “gustora” agertu dira.
Ordubeteko emanaldia izan zuten, eta adierazi duten bezala, “jendea oso hunkituta zegoen Iratxe Sorozabal eta Nekane Txapartegiren tortura eta bortxaketa testigantzak entzun ondoren”. Proiekzioaz gain, herritarrek dokumentalaren ekoizle den Imanol Arzuga izan zuten eurenean. Dokumentala sortzeko ideia berea izan zela adierazi zien Imanolek ikusleei, torturak dituen “ondorio negargarriak” erakustea oinarri zuela. Iratxeren laguna eta bere familiaren hurbilekoa denez, dokumentalak Iratxeren bizitzari eta bizipenei buruzko hurbileko kontakizunak eskaintzen ditu. Gainera, solasaldian, dokumentalaren sormen prozesuari eta Iratxeren bizitzari buruzko berbaldia egin zuen, baita bertakoek eigindako galderak erantzun ere. “Familia giroan eta hurbiltasunez” hitz egin zien Imanolek bertaratu zirenei.
Memoriaren alde egiteko eta ahanzturan ez jausteko ariketa egin dute emanaldi eta solasaldi honen bitartez, ziortza-bolibartarrek “militante eta herritar desberdinek zein prezio garestia ordaindu duten eta ordaintzen ari diren” jakiteko eta gogoratzeko bide bat zabalduz.