'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi zikloan parte hartuko du Mijo Lizarzaburuk
Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, zenbait arlotan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera eskaini gura dute Elhuyarrek eta Donostia Kulturak, eta apirilaren 28an zuzenduko du saioa ondarrutarrak, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen duten Emakume zientzialarien argitan solasaldi zikloan parte hartuko du Mijo Lizarzaburu Garcia filosofo transfeminista eta lodiaktibista ondarrutarrak apirilaren 28an. Zikloaren hirugarren saioa izango da Lizarzabururena, aurretik Virginia Garcia Pena (otsailak 24) eta Usue Mori Carrascalegaz (martxoak 24) batuko baitira parte hartzaileak. Saio guztiak Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian izango dira, 19:00etan hasita.
Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, zenbait arlotan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera eskaini gura dute Elhuyarrek eta Donostia Kulturak, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia komunikatzailearen eskutik. Izan ere, egitasmoaren helburua da emakume zientzialariak ezagutzea, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak “ezkutuan” geratu direlako, gaur egun ere nabarmena delako “emakumeen kontrako diskriminazioa” arlo horretan.
Ondorioz, Lizarzabururen lana ezagutuko dute saiora bertaratzen direnek, lodifobia, gorputzen diziplimendua eta kontrol soziala izango baititu hizpide. Gaur egun, Filosofia, Zientzia eta Balioak doktorego programan parte hartzen du EHUn, IAS-Research taldean, baina, horrez gain, militante feminista da, eta batez ere lodifobia eta gorputzen diziplimendua eta patologizazioa ikertzen ditu, “estrategia politiko gisa”.
Lizarzaburuz gain, lehenengo saioan, Garcia izango da hizlaria, eta Eguzki-eklipse osoa, gertakari astronomikoa baino gehiago saioa eskainiko du. Astronomoa da Garcia, Aranzadi Zientzia Elkarteko bazkide aktiboa, eta dibulgazio eta hezkuntza proiektuak garatzen ditu. Izan ere, 2016an sartu zen Zuzendaritza Baztordean, eta Astronomia Departamentua zuzendu zuen 2018tik 2023ra bitartean. Gainera, zortzi urtez aritu zen planetarista lanetan Eureka! Zientzia Museoan, eta, 2021az geroztik, Espainiako Astronomia Elkartearen Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kidea da, federazio horrek sustatutako Astronomia Emakumeen Taldeko kide izateaz gain.
Adimen artifizialean jarriko dute arreta Morigaz, izan ere, begirada kritiko batetik aztertuko du adimen artifiziala matematikan lizentziatua den donostiarrak. Izan ere, modelazio matematikoko edota sistema adimendunei buruzko masterrak egin ditu, eta EHUko irakasle agregatua da egun, Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean. Gainera, lan akademikotik harago ere, lan handia egin du adimen artifiziala gizartearen beneako beharretara egokitzeko.