Hasi berri diren idazleen lana bultzatzeko beka eta mentoretza-programa sortuko dute EIEk eta Euskaltzaindiak
Lau urterako lankidetza-hitzarmena sinatu dute Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskaltzaindiak. Bi erakundeek egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartu dute euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean.
Miren Agur Meabe idazle eta Euskaltzaindiaren idazkaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Mikel Ayllon idazle eta EIEko zuzendaritza batzordekidea.Euskaltzaindia Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) eta Euskaltzaindiak lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta besteren artean, hasi berri diren idazleen lana bultzatzeko beka eta mentoretza programa sortuko dute. Izan ere, bi erakundeen arteko elkarlanak euskararen eta euskal kulturaren garapena ditu jomuga, eta horretarako, egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartu dute euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean.
Miren Agur Meabe idazle eta Euskaltzaindiaren idazkariak adierazi du Akademiak “berebiziko garrantzia” ematen diola EIEren aholkua baliatzerari, gaztetxoentzako tutoretzak bideratu edota idazle berrientzako bekak diseinatzeko orduan, esaterako, betiere literatuta garaikidearekiko estimazioak bultzatuta. “Bi etxeok ateak zabalik nahi ditugu batak bestearentzat, urte luzetako esperientzia eta ikuspegi praktikoa uztartuz, gela berriak sortzeko gure kulturaren eraikuntzan”, gaineratu du idazkariak.
Bere aldetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak esan du akordioa estrategikoa dela Akademiarentzat, R.M. Azkue Literatura Sariak aipatuz: “Balia dezagun hitzarmen berri hau, besteak beste, 1975etik BBKren babesarekin antolatzen dugun R. M, Azkue sariei bultzada emateko”.
Idazle eta EIEko zuzendaritza batzordekide Mikel Ayllonek elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, hori euskal literaturaren eta kulturaren birika den euskara hauspotzeko “funtsezkoa” dela uste baitu: “Bizi dugun garai honetan, garrantzitsua izateaz gain, funtsezkoa ere bada gure literaturaren eta gure kulturaren birika den euskara hauspotzeko elkarlana sustatzea. Horregatik, elkarri eskutik helduta bidean aurrera egiteko konpromisoa berretsi nahi dugu”.
Hala, bi erakundeek eguneroko lanean sortzen dituzten baliabideak elkarren eskura jarri dituzte, baina ekimen berriak martxan jartzeko prestutasuna ere agertu dute, “gero eta jende gehiago erakartzeko euskararen eta literaturaren mundura”. Eta indar berezia egin nahi dute gazteen esparruan, “euskaraz idazteko gripa pizteko helburuz”.
Egitasmo nagusiak
Hori dela eta, akordioaren bidez aurten landuko dituzten egitasmo nagusien berri eman dute, hainbat eremutan banatuta. Batetik, prestakuntzaren eremuari erreparatuta, Euskaltzaindiak batasunaren bidean eman eta ematen dituen arauak gizarteratzeko eta hedatzeko asmoz, prestakuntza eskainiko die EIEren bazkideei; horiek horrela, aurten bi ikastaro egingo dituzte, bata udaberrian eta, bestea, udazkenean. Sorkuntzaren arloan, idazle gazteen ibilbidea sustatzeko beka deialdia sortu eta abian jarriko dute, eta sustapenari dagokionez, hasi berri diren idazleen lana bultzatzeko mentoretza programa sortuko dute; jakinarazi dutenez, R. M. Azkue eta Urruzuno literatura sarietako irabazleen izango dute lehentasuna.
Gainera, Euskaltzaindiak Hegats aldizkaria katalogatzeko, digitalizatzeko eta bi erakundeen webguneen bidez gizartearen esku jartzeko konpromisoa ere hartu du. Era berean, aldizkaria eta idazleak.eus webgunean argitaratu diren zutabeen testuak Euskararen Erreferentzia Corpusean jasoko dituzte.
Baina, horiez gain, bestelakoak ere jasotzen ditu egitasmoak: EIEk Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabilerari buruzko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu. Nolanahi ere, horrelakoetan teknologia berrien erabilera sustatuko dutela jakinarazi dute, ikusgarritasuna eta erabiltzaile potentzialei erraztasunak ematearren. Eta, bi erakundeek argitaratzen dituzten publikazioak elkarren artean trukatzeko konpromisoa ere euren gain hartu dute.