Eskualde Lagonkoi baten alde lanean jarraitzeko batu dira Lekeition
Amoroton ere taldea abiarazteko lanetan hasi dira, eta Herri Lagonkoi bihurtzeko bilera irekia deitu dute.
Euskadi Lagunkoiaren Bizkaiko Talde Eragilea Lekeitio Lagunkoia taldeko eragileekin egindako bileranLekeitio Lagunkoia Euskadi Lagunkoiaren Bizkaiko Talde Eragileak Lekeitio bisitatu zuten joan den astean, eta herriko ekimen lagunkoia ezagutzeko bilera izan zuten. Herriko ekimen lagunkoiarekin “lan-bilera egiteko eta azken urtean garatutako jarduerak bertatik bertara ezagutzeko” batu zirela adierazi dute. Lekeitio Lagunkoia taldeak azken urtean egindako ekimenen berri eman zuten, eta zoriontzeko lana egin dutela argi geratu zen bileran.
Ekimenen garrantzitsuenen artean, “hilero auzolan jarduerak antolatzen” dituztela azaldu zuten lekeitiarrek: “Boluntario gisa parte hartzen duten bizilagunek espazio publikoen hobekuntzan laguntzen dute, besteak beste, musika-kioskoaren hesia eta kontzejupeko paretak margotuz”.
Honetaz gain, “bakardade ez-desiratuari buruzko hileroko zineforuma sustatzen” jarraitzen dute, ikus-entzunezko produkzioak eta hauen harira hausnarketa kolektiboak eginez. Era honetan, hain garrantzitsua den kulturarako sarbidea lantzen dutela adierazi dute.
“Osasuna, mugikortasuna eta oinarrizko zerbitzuak” lantzen ari direla ere azpimarratu zuten, eta oraindik ere, lanean jarraitzeko indar handiz agertu dira taldeko kideak, “eskualde lagunkoia, pertsonen parte-hartzetik eraikia” lelopean.
Euskadi Lagunkoia taldeko kideek eskerrak eman dizkie Lekeitio Lagunkoia taldeak egindako harrera beroagatik, egindako lanagatik eta “herri parte-hartzaileago, inklusiboago eta zaintzaileago bat eraikitzeko erakutsitako konpromisoagatik”.
Amoroto ere, lagunkoi
Amoroto adin guztietako biztanleentzako herri lagunkoia bihurtzeko prozesua abian jarri du Lea Ibarreko Mankomunitateak. Otsailaren 25ean, 18:00etan, udaletxean batuko dira herritarrak Lakunkoia ekimenaren nondik norakoak ezagutzeko. Oinarrizko helburua herriko adinekoen ongizatea bermatzea da, honetarako beharrezkoak diren neurriak bultzatuz. Honela, geroz eta nagusigoa den biztanleriari “erosoago eta harremanduago” bizitzeko aukerak ahalbidetu nahi zaizkio.
Eskualdeko hainbat herrik emana dute adinekoekin lagunkoi izateko pausua. Lekeitiok, Ondarroak, Gizaburuagak, Aulestik, Ispasterrek, Markina-Xemeinek, Berriatuak eta Mendexak osatzen duten zerrendara batu da Amoroto. Hau honela, ekimenaren aurkezpenera hurbiltzearen garrantzia azpimarratu dute, hori baita “herri adeitsuago baten alde” egiteko bidea.