Atlantikoko hegalaburra iparralderantz mugituko da ozeanoaren beroketaren ondorioz
AZTIko ikertzaileek gidatutako nazioarteko ikerketa batek aztertu du ozeanoaren beroketak Atlantikoko hegalaburra iparralderantz bultzatzen duela; aldi berean, garrantzi ekologiko handiko eremuak —Mediterraneoa eta Mexikoko golkoa, besteak beste— gero eta desegokiago bihur litezke bere ugalketarako.
Hegalaburra. Azti Atlantikoko hegalaburraren ibilbidea aldatzen ari da klima aldakearen ondorioz, iparralderantz. Aztiko ikertzaileek gidatutako nazioarteko ikerketa batek aztertu du ozeanoaren tenperaturaren igoerak XXI. mendean zehar moldatuko dituela espezie honek elikatzeko, ugaltzeko eta harrapatzeko dituen eremuak. Navigating Future Waters: The Resilience of the Atlantic Bluefin Tuna Under Climate Change izeneko ikerketa Fish and Fisheries aldizkarian argitaratu da, eta erakusten du ozeanoa berotzen den heinean hegalaburra apurka-apurka iparralderantz desplazatzeko joera izango duela, ur hotzago eta produktiboagoen bila.
Mugimendu horrek eskualde tropikal eta epeletan habitat galera ekarriko duela gehitu dute, eta, aldiz, baldintza onuragarrien irabazia latitude handiagoko eremuetan: Europa iparraldean, Groenlandiaren inguruan eta Atlantikoaren ipar ekialdean, besteak beste.
Horregaz batera, ikerketak erakusten du hegalaburraren bi ugalketa gune nagusien —Mediterraneoa eta Mexikoko golkoa— egokitasuna nabarmen jaitsiko dela ale helduentzat. “Atmosferara isurtzen diren berotegi efektuko gasen emisioen eszenatoki pesimistenen arabera, Mediterraneoko habitataren egokitasuna %27 murriztu liteke, eta Mexikoko golkoarena, berriz, %70eraino jaitsi”, adierazi dute, eta gehitu dute horrek espeziearen epe luzeko ugalketa arrakasta “kolokan” jar lezakeela.
Hegalaburraren egokitzeko gaitasuna “handia” dela nabarmendu du Maite Erauskin-Extramiana Aztiko ikertzaile eta ikerketaren egile nagusiak, baina azaldu du ikerketaren proiekzioek erakusten dutela klima aldaketak aldatu egingo duela hegalaburren elikadura eremuen, ugalketa eremuen eta arrantza jardueraren arteko oreka: “Horregatik, funtsezkoa da klima aldaketak aurreikusten dituen inpaktuak pixkanaka kudeaketa sistemetan txertatzea, horiei aurreratu ahal izateko eta baliabideak modu eraginkorrago eta jasangarriagoan administratzeko”.
Babesgune eta erronka berriak.
Nazioarteko ikerketak hegalaburrak jaten dituen espezieen bilakaera ere aztertzen du, hala nola sardinarena, berdelarena edo txipiroiarena, eta ondorioztatu du harrapakin horiek ere latitude altuagoetara desplazatzeko joera dutela. Horren ondorioz, diotenez, hegalaburra eta bere harrapakin nagusiak “gainjartzen diren eremu berriak sortzen” dira, bereziki eskualde borealetan.
Eremu horiek etorkizunean “babesgune klimatiko” edo bereziki egokiak diren gune berriak izan litezke, ikertzailearen arabera. “Baina, klima aldaketak ez die ekosistemei bakarrik eragiten; itsas baliabideak kudeatzeko modua ere eraldatzen du”, dio Erauskin-Extramianak, eta uste du desplazamendu horiei aurrea hartzea “funtsezkoa” dela biodibertsitatea zein haren menpeko bizibideak babesteko.
Izan ere, emaitzek agerian uzten dute “premiazkoa” dela klima aldakeara egokitutako arrantza kudeaketa “malgua” ezartzea, “jada ohiko muga tradizionalak errespetatzen ez dituzten espezieei erantzuteko gai izango dena”.
Gogoratu dute ikerketa hau eredu aurreratuetan oinarritzen dela: ingurumen datuak, Atlantikoko hegalaburraren presentzia, haren harrapakin nagusien banaketa eta arrantza jardueraren eredua biltzen ditu, eta mendearen amaierara arteko hainbat eszenatoki klimatiko proiektatzen ditu.
Artikulu zientifikoa:
Erauskin-Extramiana, M., Valle, M., Cruz, L., Muhling, B., Fernandes-Salvador, J. A., Pozo Buil, M., Ortuño Crespo, G., Brodie, S., Hazen, E. L., Bograd, S. J., Arrizabalaga, H., Merino, G., & Lezama-Ochoa, N. (2026). Navigating future waters: The resilience of the Atlantic bluefin tuna under climate change. Fish and Fisheries. Advance online publication. https://doi.org/10.1111/faf.70061