Gym Berdea bueltan da Berriatun, ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoz
Lorazaintza ekologikoaren bitartez, "osasuna, zahartze aktiboa eta gizarteratzea" sustatzea helburu duen ekimena da. Osasuna lantzeaz gain, herria edertzeko eta harremanak estutzeko bidea da.
Herriz herri aritu da Gym Berdea ekimena ohitura osasuntsuak bultzatzeko helburuarekin. Beste urte batez, Berriatura heldu da, herritarrei lorategian lan egiteak dakartzan onurak eskaintzera. Astelehenean [otsailak 23] izango da lehen eguna, eta 10:00etan daude deituta herritarrak, ekimenari hasiera emateko.
Izena emateko eta informazio gehiagorako, 699 73 98 51 zenbakira deitu daiteke.
Ekologia eta osasuna, eskutik. Aire zabaleko gimnasio bat da Gym Berdea, edozein adinetako herritarren artean ohitura osasuntsuak sustatzeko espazio bat eskaintzen duena. Lorezaintza ikasteko tailerra da proiektuaren oinarria, eta herritarrek jarduera fisikoa egiteko aukera izango dute lan honetan diharduten artean. Osasuna, zahartze aktiboa eta gizarteratzea sustatzen dituen dituen proiektu berritzaile eta “indargarri” honen bitartez, gainera, herria edertzeko prozesuan parte hartzen dute herritarrek. Horrela ulertzen da, beraz, proeiktuak herritarrak erakarzteko erabiltzen duen leloa: ““Lorategiak eta basoak sortzen ditugu, gure udalerria edertzen dugu, talde bat osatzen dugu, sasoian gaude, natura hedatzen dugu, ondo sentitzen gara”. Argi geratzen da, beraz, natura zaintzearen eta gizakion osasunaren arteko harreman zuzena. Honetaz gain, Gym Berdeak etengabeko ikaskuntza eskaintzen du. Adinekoen osasunari begira ere jarri dira, eta proiektuaren sortze prozesuan lanean aritu direnen arabera, “komenigarria da nerbio-sistemaren endekapenezko gaixotasunak prebenitzeko”.