Zerutxu Dantza Taldea: "Itxaropena badago, eta ilusioa ere bai"
Urteurren ospakizunean murgilduta dabil Zerutxu Dantza Taldea. Herriko tradizioa oinarri hartuta aritu dira 60 urtez Markina-Xemeingo kaleak musikaz, dantzaz eta tradizioz betetzen. Orain arte egin duten bezala, lanean jarraitzeko asmoa dutela argi utzi dute, bai beraiek, bai atzetik datozen gazteek.
Zerutxu Dantza Taldeko kideak, Bilboko Plaza Berrian.Zerutxu Dantza Taldea Atzera begira jarri, eta azken 60 urteetan egindako lan guztiari buruz aritzeko une bat hartu dute Alaine Urrutiak, Igor Ibarzabalek eta Ainhoa Basterretxeak. Duela hogei urte inguru sartu ziren Zerutxu Dantza Taldean, umeak zirela. Orain, gazteagoei irakasteko ordua iritsi zaie, eta taldea mantentzeak dakarren lana ere euren gain geratu dela konturatu dira.
Taldea bera baino gazteagoak badira ere, argi daukate eurek baino lehen egon zirenek egindako lana behar-beharrezkoa izan dela: «Pilik, Felipek eta Imanolek egindako lana gogoratu behar da». Zerutxuren hasieretan egon, eta urte luzez ekinean lanean aritu dira horiek: «Hasierako dokumentazio lan handia egin zuten, dantzei buruzko informazio asko bildu zuten, dantzak nola egin eta nola berreskuratu jakiteko». Iraganean Zerutxun egondako horien lana ere azpimarratu dute hirurek; izan ere, «Zerutxutik pasatu den jende askok taldeari maitasun berezia dio», eta arropak josten dituzten horiek edota dantzak ikustera joaten direnek asko laguntzen dutela adierazi dute. Hori horrela, aktibo ez daudenen borondatezko lanak ere «aurrera eramaten du taldea».

Zerutxu Dantza Taldearen argazki zaharrak.Zerutxu Dantza Taldea
Markina-Xemeingo dantza tradizionalak ahaztu gabe egin du bidea taldeak. Xemeingo Ezpata Dantza, Mahai-gainekoa, Zaragi Dantza eta Soka Dantza (Aurreskua) mantentzen saiatzen dira, besteak beste, emanaldietan horiek dantzatuz eta beste herri batzuetan irakatsiz: «Gure aurrekoek dantzak berreskuratzeko lana egin dute, orain gure lana da mantentzea, egindakoa eskertzeko».
Herriko ohitura eta tradizioa mantentzearen pisua handia izan daiteke batzuetan. Iraunarazte horrek ardura puntu bat dakar berarekin, eta ardura hori ikara bihurtu izan da, behin edo behin. Atzera begiratzean, talde sendo bat gogoratzen dute, baina aurrera begiratzeak zalantzak piztu izan dizkie: «Aurrekoek izan duten beldurra dugu; ea guk uzten dugunean, hurrengoek jarraituko ote duten». Hala ere, itxaropenak ere badauka lekua Zerutxun: «Guk egin badugu, zergatik ez dute hurrengoek egingo?»
Taldeko nagusienak bihurtzen hasi dira Urrutia, Ibarzabal eta Basterretxea. Dena ez da presioa eta ardura izango; izan ere, onartu dute «harrotasun puntu bat» ere sentitzen dutela Zerutxun egin duten lan guztia gogoratzean: «Horrenbeste urtetan mantendu den hori mantentzen ari gara gu ere». Egiten duten lanaren helburua zein den argi daukate, eta horrekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute: «Ohiturak galdu egiten dira, eta ahaztu egiten zaigu nondik gatozen. Hauek mantentzeagaz, gure historia mantentzen dugu».
Tradizioari eusten diotela aitortu dute, baina, tradizio oro aldatzen du denborak. Berreskuratu eta bizirik mantentzen dituzten dantza horiek gizonez osatutako taldeek dantzatzen zituzten. Zerutxun, genero markek indarra galdu dute, eta ohitura gizonezkoek egitea bazen ere, gaur egun, emakumeak dira dantza horietan nagusi. Hala ere, gaur egun gehiengo hori emakumezkoa izatea ez da, guztiz, nahita hartutako erabaki bat: «Egia da pauso hori ematea behar batetik sortu zela; izan ere, ez dago dantza hauek egiteko gizonezko nahikorik». Bi faktorek eragin dute, beraz, aurrerapauso hori ematea: «Alde batetik, ez dagoelako gizon nahikoa eta bestetik, taldeak ez duelako eredu hori jarraitzen eta sentitzen».

Zerutxu Dantza Taldearen argazki zaharrak.Zerutxu Dantza Taldea
Buruhauste handiena mutilak erakartzea dela adierazi dute: «Beste kirol guztiekin lehiatu behar dugu, eta ez da lan erraza izaten ari». Horiek erakartzea eta taldean mantentzea da erronka nagusia dantza taldeentzat, eta Zerutxurentzat ere, arazo handienetako bat da.
Hizkuntza arloan ere jarri du bere alea Zerutxuk. Euskara hutsean den aisialdia eskaintzen dute, «euskal hiztunen seme-alabei beraien historia ezagutzea bermatzen dien espazio bat, hain zuzen». Gainera, kanpotik datozen horiei ere, «bertoko kultura, tradizioa eta hizkuntza ezagutzeko aukera» emateko prest daude beti.
Aurrera begira, baikor agertu dira hirurak: «Itxaropena badago, eta ilusioa ere bai». Urte batzuk gehiago jarraitzeko asmoa argi erakutsi dute, eta beraien atzetik datozen gazteak ere gogotsu ikusten dituzte: «Taldea ondo dago, ez da galdu zeukan esentzia eta indar hori».
Gonbidapen mezua ere badaukate herritarrentzat. Inoiz dantzarik egin ez duen jendearentzako dantza ikastaroa egin zuten, eta harrera oso ona izan zuela adierazi dute: «Ekimen hau aukera oso ona da nahi duten horiek hurbildu daitezen».
‘Dibertimendue’
Bestalde, Libertimenduaren antzeko zerbait egiteko pausoak ematen hasi ziren iaz, eta aurten, gauzatzeko aukera aurkeztu zaie. «Nafarroa Beheretik datorren inauterietako erritua da Libertimendua», Ibarzabalen esanetan. Inoiz entzun ez duen batek ulertu dezan, musika, dantza, antzerkia eta bertsolaritza uztartzen dituen ikuskizuna da.
«Ander Lipus eta Abarka Antzerki Taldeak elkarlanean aritzeko proposamena egin ziguten. Hor hasi ginen nola egin pentsatzen, Nafarroa Behereko tradizio hori Markina-Xemeinen nola islatu ahal genuen pentsatzen», azaldu dute. Horrela, Dibertimendue izena jarri diote Markina-Xemeingo dantzekin egindako Libertimenduari, «lehen hemen egiten zen hori handik ekarri eta berreskuratzeko».
Dibertimendue ikusteko aukera izango da otsailaren 28an [zapatua], Markina-Xemeinen. 11:00etan hasiko da Xemeingo elizatik. Zerutxu Dantza Taldeak eta Abarka Antzerki Taldeak sortutako ikuskizuna da ikustera hurbiltzeko deia egin diete herritarrei.

Zerutxu Dantza Taldearen argazki zaharrak.Zerutxu Dantza Taldea