Eguzkia lagun, inauteriak ospatu dituzte Ziortza-Bolibarren
"Egun biribila" izan dute ziortza-bolibartarrek. Taloak egiten, zirku tailerrean jolasten eta mozorroetaz gozatzen, "ezin hobeto" pasa dute eguna.
Joan den asteburuan ikusi ahal izan ziren inauterietako azken printzak eskualdean. Ziortza-Bolibarren egun berezia izan zuten zapatukoa [otsailak 21], herritarrek armairuan gordeta zituzten mozorroak atera eta kolorez bete zuten herria. Tamaina guztietako bizikletak eta adin guztietako txirrindulariak atera ziren herriko plazara, zaletasunak agerian utzi zituzten, denek gai bera oinarri izanik aukeratu baitzuten mozorroa. Eguzkia lagun izan zuten egun guztian zehar, joan den astean eskualdeko herrietako ospakizunetan izandako euriak atzean utziz.Ā
Eskuak zikintzeko ordua iritsi zitzaien herritarrei. Txikienek ez zuten bi aldiz pentsatu eskuak irin artean sartu baino lehen. Gurasoek ere izan zuten zeregina, ez baitzen lan gutxi izan herritar guztietantzako taloak egitea. Sukaldaritza lanek bere saria izan zuten, denentzako taloak egon baitziren goseak arindu eta jaiarekin jarraitu ahal izateko.
Frontoia zirku bihurtu eta bertan aritu ziren haurrak, gora eta behera. Tranpolina, malabarak egiteko tresnak, oreka lantzeko jolasak eta zirkuituak izan zituzten. Bertan aritu ziren olgetan eguna ilundu arte, eta “egun biribila” izan zutela argi azpimarratu dute.