'Titu ba!' bueltan da herriko jardun feminista indartzeko asmoz
Agenda feminista osatzeko emakumeentzako jardunaldiak antolatu dituzte martxoaren 7rako. Tailerrak, ariketa kolektiboa, bazkaria eta kontzertua antolatu dituzte.
Herriko jardun feministaren inguruan hausnartu eta bide berri bat hasteko asmoz sortu zuten Titu ba! ekimena Markina-Xemeingo Udalak eta herriko mugimendu feministako kideek. Herrian jardun feminista indartzeko egitasmo berriak martxan jartzeko gogo eta interesak batu zituzten iaz, eta emakumeen topaketak egiten aritu dira ordutik. Bide horri jarraiki, elkarteratze berri bat antolatu dute martxoaren 7rako, Uhagon kulturgunean.
Martxan daude Markina-Xemeingo Emakumeei Zuzendutako Jardunaldiak, eta egun osoko egitaraua prestatu dute herriko emakumeek saretzen jarraitzeko espazio bat izateko. Goizean hasiko dute jarduna. Arropa erosoa ekartzeko deia egin dute, 10:00etan hasiko den Gorputza esnatzeko saioa egiteko ahalik eta erosoen egoteko. Ariketa kolektiborako tokia ere egongo da egunean zehar. Taldea eratzearen helburu nagusia jardun feminista indartzea izan da hasieratik, 11:00etan ekingo diote Markina-Xemeingo agenda feminista osatzeari, hleburu hori lortzeko bidea eraikitzeko asmoz.
13:30ean bazkari aurrekoak eta bazkaria antolatu dituzte. Honetarako, beharrezkoa izango da aurretiaz bazkarirako tiketak erostea. Tiketak salgai egongo dira otsailaren 20tik martxoaren 2ra arte, Babbelen eta Uhagonen, 15 eurotan. Alergiak, intolerantziak eta aukera begetarioano eta beganoak nahi izanez gero, tiketak erosterako orduan jakinarazi beharko da.
Egitarauan ez da musikarik falta. Horretarako, Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahizpa kubatarrek osatutako D’Capricho taldeak kontzertua eskainiko du. Adierazi dutenez, ez da beharrezkoa goizeko egitaraura bertaratzea kontzertura hurbildu ahal izateko: “Irekia izango da, animatu!“.