Hamargarren jardunaldi erabakigarria izango du Goxua Txapelketak
Hiru jardunaldi baino ez baitira falta martxoaren 21ean jokatuko den finalerako, eta zaletuen interesa gora egiten ari da etengabe.
Hamargarren jardunaldira iritsi da Master Goxua Txapelketa. Datorren jardunaldia orain arteko giro bikainarekin jokatzea aurreikusten dute, eta zaletuen interesa gora egiten ari da, hiru jardunaldi baino ez baitira falta martxoaren 21ean jokatuko den finalerako.
Bihar [otsailak 26] hasi eta domekara arte norgehiagoka arituko dira zazpi partidatan. 20:00etan hasiko dira jardunaldiko lehen bi partidak: Lehen mailan, Kortazar eta Ube, Latxi eta Mujikaren aurka arituko dira. Hauen atzetik, bigarren mailako partida jokatuko dute Jon Zufiaurrek eta Ander Zufiaurrek, eta aurreko jardunaldiko porrotari buelta emateko asmoz, Laka-Ekaitz bikotea gainditzen saiatuko dira. Barikuan [otsailak 27] beste bi partida jokatuko dira 19:30etatik aurrera: Txirloi-Urizar eta Legarra-Muruaga bikoteek indarrak neurtuko dituzte lehen mailan. Bigarrenean, aldiz, Anitua-Arrieta eta Igor Jaio-Unax Gorostola bikoteak arituko dira. Domekan [martxoak 1] hiru partidaz gozatu ahalko dute zaleek: Cano-Gerrikabeitia eta Kule-Altuna arituko dira bigarren mailan, baita Uriarte-Xabi Malaxetxebarria eta Onagoitia-Aitxulua bikoteak ere. Jardunaldia amaitzeko, lehen mailako partida eskainiko dute Varela-Unanue eta Agirrezabal-Txaber Zabala bikoteek.
Bederatzigarren jardunaldia. Joan den eguenetik [otsailak 19] domekara artean jokatu ziren azken jardunaldiko partidak, eta emaitzei erreparatuz, “denetarik” egon zela adierazi dute. Lehen mailan, Legarra eta Muruagak Latxi eta Mujika kostata garaitzea lortu zuten (18-14). Kortazar eta Ube ere garaile izan ziren 18 punturekin Anartz Ibarloza eta Oier Urrutiaren aurkako partidan, azken hauek 6 puntu lortu baitzituzten. Lehen mailako azkenak izan ziren Aranburu-Aldape eta Ager Martin-Igor Uriarte bikoteak, 18-10 puntuko emaitzarekin. Bigarren mailan, Canok eta Gerrikabeitiak gorriak ikusi zituzten Anitua eta Arrietaren aurka eta 3 punturekin bueltatu ziren etxera. Laka eta Ekaitzek ere, 7 puntu zituzten Alex Arrate eta Ander Arraizak 18 puntuak lortu zituztenean. Zubiria eta Gomezek ere, 10 puntu lortuta, Lorenzo eta Agirregomezkortaren aurka galdu zuten. Uriarte eta Xabi Malaxetxebarriak 13 puntu lortu zituzten, baina ez ziren irabazteko nahikoak izan, Igor Jaio eta Unax Gorostolak 18 puntuak lortu baitzituzten. Amaitzeko, Onagoitia eta Aitxulua nagusitu ziren partidan eta 18 eta 8 irabazi zuten Kule eta Altunaren aurka.