Kalamuko tontorra berriz eurenganatuko dute Etxebarriko gazteek
"Gazteak batzeko, kirola sustatzeko, mendira joateko tradizioa ez galtzeko eta herrian giro ona sortzeko" antolatu dutela adierazi du gazte taldeak. Izena eman ez duten horiek egunean bertan apuntazeko aukera izango dute.
Sei urteko geldialdia atzean utzi eta XIV. Kalamuko Igoera antolatu du Etxebarriko Gazte Asanbladak zapaturako [otsailak 28]. 10:30etan ekingo diote 5,75 kilometroko luzera eta 600 metrotako desnibela duen bideari, adierazi dutenez, “inoiz baino indar gehiagorekin“.
Etxebarriko Gazte Asanbladaren urteko ekintzak pentsatzeko bileratik sortu den ideia izan da Kalamuko igoera berpiztea. Urte luzez antolatu izaten zuten igoera, baina azken sei urteetan, tontorrak gazte taldearen falta izan du. Honen aurrean, “arratsalde baten batu eta martxan jarri” zutela adierazi dute asanbladako kideek. Garai baten Kalamuko igoerak gazteen saretzeari begira sortutakoa gogoratu eta hori oinarri hartuta ekin diote antolatzeari: “Gazteak batzeko, kirola sustatzeko, mendira joateko tradizioa ez galtzeko eta herrian giro ona sortzeko antolatu dugu”.
Ibilbideari dagokionez, “aurreko urteetako ibilbidea mantenduko da”. Olaia Tabernatik irtengo dira lasterketako parte-hartzaileak, Eika enpresara bidea eginez. Basagoitxi baserria ere atzean utziko dute, Etxartera heldu eta bertan Kalamuko harrizko bidea hartzeko. Bide horretan aurrera egin, eta Arantzadira daraman bidezidorretik egingo dute bidea. Lasterketaren unerik garrantzitsuenera helduko dira orduan: “Puntu horretan, Kalamuko punta agerian dela, mendi-magalean gora egingo dugu, gailurrera heldu arte”.
Parte-hartzaileei dagokienez, momentuz 11 pertsonek eman dute izena. Horien artean, hiru dira herritarrak. Badaude azken unerare itxaroten dutenak ere: “Badakigu oraindik baten bat falta dela eta azken momentuan apuntatuko dela”. Izen-ematea online izan bada ere, egunean bertan apuntatzeko aukera ere zabalik egongo da.
Asanbladatik argi adierazi dute jende asko edo gutxi izanda ere, badakitela zein den ekimenaren helburua: “Parte-hartzaileak gustora egotea eta gozatzea, eta ikustera datozen horiei, datorren urtean apuntatzeko gogoak sortzea!”.
Atera berri dituzten jertseak batzeko aukera izango dute aurresalmenta bidez erosi zutenentzat. Hala ere, “berandu ibili zenak ere lortu ahal izango du berea, baina bizkor ibili beharko dira, ez dira asko geratzen eta!”.