Ziortza-Bolibarko Udalak zuntz zerbitzu berria jarri du martxan
Udalak barikurako [otsailak 27], antolatu duen aurkezpenera hurbiltzeko deia egin die herritarrei. 17:30etan hasiko da zerbitzuaren nondik norakoak eta Izarkom Kooperatibaren jarduna ezagutzeko aurkezpena.
Ziortza-Bolibarko Udaleko eragileak zerbitzu berriari buruzko hitzaldiaren aurkezpenean Zuntz bidezko internet zerbitzua jartzeko azpiegitura berritu dute Ziortza-Bolibarren. Izarkom Euskal Herriko Telekomunikazio Kooperatibarekin elkarlanean aritu da Ziortza-Bolibarko Udala azken hilabeteetan, Elizalde osoa zuntzarekin lotzeko lanetan. Herrian zuntzarekin lotu gabeko puntu isolatuak izan dituztela adierazi du udalak, eta obra hauen bitartez, udal eraikin guztiek zuntz bidezko estaldura izatea bermatu dute. Honi esker, udalak zuntz propioa izango du, eta herrian internet zerbitzua azkartzea ere lortu dute.
Zerbitzuen hobekuntza honen bidez, herriaren erdigunetik pasatzen den errepidearen bi aldeetako Udal eraikinak zuntz bidez lotu dituzte. Hala, Simon Bolibar museoa, udaletxea kokatzen den eraikina eta Kanpape tabernaren baitan geratzen dira eskoletako lokalak batzea ahalbidetu da.
Orain arte herriak izan ez duen zerbitzu baten berri ere eskainiko du Ziortza-Bolibarko Udalak. Aurrera pausu bat dela adierazi dute obra hauei esker erabilgarri dagoen Wi-Fi publikoa. Zerbitzu hau herritarrak batzen diren Elizaldeko herritarrak batzen diren leku komunetan ezarri da: Plazan, frontoian, herriko tabernetan eta publikoarentzat zabalik dauden eraikinetan, hala nola, udaletxean, Simon Bolivar museoan, gazte txokoan edo balio anitzeko gelan.
Wi-Fi zerbitzua erabiltzeko ez da pasahitzik sartu beharko. Honetaz gain, orduro ordu erdiz erabili ahalko da, oinarrizko beharrak asetzeko zerbitzua emango du, beraz.
Alde ekonomikoari dagokionez, azpiegitura hau berritzeko eta zerbitzua ahalbideratzeko lanak 9.000 euroko kostua izan dutela adierazi dute. Azaldu duten bezala, Udalak baliatzen duen telefono eta internet zerbitzua, Izarkomekin askoz ere merkeago aterako da. Gainera, wifi publikoa izango dute, dena kostu txikiagoarekin . Kostu hau epe ertain baten berreskuratuko dela” aurreikusi dute: “Argi eta garbi, merezi duen aldaketa bat da, bai diru aldetik eta baita eskaintzen dizkigun zerbitzu berriengatik”.
Zerbitzuaren aurkezpena. Barikuan [otsailak 27], 17:30ean, zerbitzuaren aurkezpenera hurbiltzeko deialdia zabaldu du udaletxeak. Azpiegitura lanak egiten aritu diren langileek aurkezpen ibiltari bat eskainiko dute herritarrentzat, obrak nolakoak izan diren eta zerbitzuak eskaintzen dituen abantailak azaltzeko. Ostean, Osoko Aretoan, Izarkomek eskaintzen duen zerbitzu berri honek ze abantaila dituen azaltzeko berbaldia egingo dute. Bileran parte hartzeko aukera egongo da, eta herritarrek dituzten galderak eta zalantzak asetzeko espazioa izango da.
Burujabetza digitalaren alde egiten duen eta euskaraz funtzionatzen duen kooperatiba bat dela argitu du udalak: “Izarkom irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da, eta guk babesten ditugun baloreen alde egiten dute beraiek ere. Adibidez, fakturak euskaraz izatea eta edozein kudeaketa egiteko euskaraz aritu ahal izatea oso garrantzitsua da”. Gainera, udalak multinazional neoliberaletetik aldentzeko erabaki kontziente bat hartu duela argi adierazi du, eta herriak dituen zerbitzuen burujabetza izatearen alde agertu dira. “Udalbiltzatik sortutako proiektu” berri honek eskaintzen dituen zerbitzu berrien nondik norakoak ezagutzeko zein Izarkom kooperatibaren jarduna zein den jakiteko, herritarrak aurkezpen horretara hurbiltzera gonbidatzen ditu udalak.