Kokoxek, dantzariek eta musikariek Markina-Xemeingo kaleak hartuko dituzte
Kalejira 11:00etan hasiko da Xemeingo elizatik, eta herriko hainbat kaletatik pasako dira. Udaletxeko plazan eskainiko dute ekitaldi nagusia.
Markina-Xemeingo Dibertimenduak musika eta dantzaz beteko ditu herriko kaleak zapatuan [otsailak 28]. 11:00etan Xemeingo elizan hasiko da herrian lehen aldiz eskainiko duten ikuskizuna. Kalejirak herriko zenbait kale zeharkatuko ditu, eta hainbat tokitan geldialdiak egingo dituzte ikuskizunak eskaintzeko. Xemeingo elizatik hasi eta zelaiko arkupean, Zear kalean barrena edo Osteko kaletik arituko dira, udaletxeko plazara heldu arte. Bertan eskainiko dute hain berezia izango den ekitaldi nagusia. Zerutxu Dantza Taldeko dantzariek herriko garai hontako dantzen bitartez atondutako ikuskizuna izango da, kokoxen azalean sartuko diren Abarka Antzerki Taldeko aktoreekin elkarlanean egin dutena.
Kokoxek, antzerkia erabiliko dute urteko gertakariei kritika egiteko tresna modura. Dibertimenduak bertsolaritza ere hartzen du bere baitan, beraz, kokoxei erantzuteko, Nerea ibarzabal eta Unai Iturriaga bertsolariek ere parte hartuko dute ikuskizunean. Guztira 60 partaide izango ditu Dibertimenduak; dantzariek, aktoreek, musikariek eta bertsolariek osatutako ikuskizun ahaztezinak.