Feminismotik eraikiz
Euskara eta feminismoa ardatz hartuta, 11barrik andrazko esanguratsuen biografiak jasotzen dihardu, horiek hainbat diziplinatan gizarteari egiten ari diren ekarpenari ikusgarritasuna emateko helburuz. Ikus sarrera guztiak 11barriren webguneko 'Testuen bankua' atalean.
Amaia Nicholson Gorostiaga (1985, Kurtxiaga —«lurrez, Ispaster» —) Gizarte eta kultur antropologian lizentziatua da. Lehenengo, Gizarte Hezkuntza ikasi zuen, eta gero eman zuen antropologiako lizentziaturarako jauzia: estreinako urtea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan ikasi ostean (UAB), EHUn jarraitu eta amaitu zituen ikasketak, Donostiako fakultatean.
Emakume zein gazteriaren errealitatearen inguruko ikerketa bitan parte hartu du: batetik, Eta gazteok zer? EHko gazteon aldaketa eta joera sozio-politikoak ikerketa lana. Julio Araluzeren 2010-2011eko beka deialdiaren baitako ariketan, hainbat diziplinatako ikerlari gazteek parte hartu zuten Nicholson bera buru zela, «gazteen ikuspuntutik gazteen errealitatera hurbildu eta horren aspektu desberdinetan sakontzeko beharrari erantzuteko». Bestetik, Atzoko hitzak josten lana dago, Elorrioko Udalaren beka deialdiaren emaitza. Antropologiako ikasketak amaitu berri, Leire Goitisolo ikaskide lekeitiarrarekin batera gauzatu zuen proiektua, herri hartako emakumeen ahotsa jasotzeko helburuz. «Historia beti kontatu izan digu garaileak eta dominatzaileak. Horren aurrean, bizipen eta bizitza, momentu, espazio eta gorputz ikusezin horiek ikusarazi nahi izan genituen», azaldu du Kurtxiakoak.
Nicholsonek antropologia ikasketen hautuaz dihardu: «Kontzientzia daukadanetik, desberdintasun sozialekin ohartu naiz. Gazte mugimenduan militatzen hasi nintzenetik ikusi dut mundu honetan dominatzaileak eta dominatuak daudela, eta desoreka horren ondorioz gizartean batzuok pribilegio batzuk ditugula. Desberdintasunak ez direla ez berezkoak, ez betirako. Eraikiak dira pertsonen arteko desberdintasun sozialak, hain zuzen, logika kapitalistaren edo merkantilistaren arabera, eta eraikiak diren heinean, deseraiki ahal dira. Hausnarketa horrek eta hausnartzeko eta galderak erantzuteko gogoak eraman ninduen antropologia ikastera».
Eta behin ikasketetan murgilduta, feminismoarekin egin zuen topo. «EHUko irakasle gehienak emakumeak ziren, eta genero ikuspegia oso landuta zeukaten. Hori neureganatu egin nuen, eta hasi nintzen zalantzan ipintzen inertzia asko, jokabide asko eta egunerokotasuneko gauza asko», dio.
Feminismoa mundu ikuskera batekin lotzen du. «Aniztasunari eta inklusioari aukera ematen dion proiektu modura ulertzen dut nik feminismoa, hots, gaur egungo eredu hegemoniko biolentoaren aurka. Gure gizartean eredu heterosexual, tradizional eta zuriaren bizimodua gailentzen da, eta hortik irteten duenak, hau da, eredu heteronormatibotik (neska zahar, ama bakar, marikoi, bollera edo beltzak, kasu), ez ditu betetzen gizarteko arauak, eta ondorioz, zigortu egingo dute. Bada, feminismoaren ekarpena aniztasuna eta inklusioa onartzea da. Alegia, dominazio bako egoera batekin lotzen dut nik feminismoa, gaur egungo gizartean ikusten ez dena. Gizartean batzuok pribilegio batzuk ditugula konturatzeko balio dit (zuria, gizona eta heteroa izatearren, kasu), eta pribilegio horiek zalantzan jarri ezean, besteak dominatzen ari garela. Pribilegio horien deseraikuntzan dago aldaketaren gakoa».
Kolektiboaren beharra
Nolanahi ere, antropologoak gogorarazi du pertsonek gizartea, taldea, behar dutela. «Gizarteak eboluzionatu badira, kolektiboari esker izan da. Norbanako modura ez goaz inora. Gaur egun, bizimodu oso indibidualista daukagu, ez daude lehengo ehundura sozialak. Zoritxarrez, Hego Euskal Herriko azkenengo politikek behintzat, komunitate ehundura hori babestu beharrean (herri antolakuntza eta herri ekimenak, adibidez), erabat oztopatu dute. Eta militantziak hausnartzera eraman nau pertsonak gizartea behar duela; kolektiboa behar dugula, aldatzeko». Indibidualismo horrek buruaren osasunean eragiten du, Nicholsonek esan duenez. «Gaur egun, askotan aipatzen da osasun mentala. Gizartean arazo handia dagoela antzeman da. Ditugun bizi baldintzak arrazoi bat dira (etxebizitza eta lan baldintzak, kasu), baina beste bat indibidualismoa da, ze gizakia izaki soziala da; elkarren beharra daukagu. Gaur egungo bizitza indibidualista ez dator bat gizakiaren berezko sen horrekin, hau da, kolektiboaren premia horrekin».
Balio etikoetako DBHko irakaslea da Nicholson. «Ez denez erraza 12 urteko gazteekin hausnarketa sakonik egitea, nire helburua izaten da euren egunerokoaz galderak sortzea, euren errutina ikusteko galdera batzuk eta zalantzak eragitea, alegia, ikusaraztea gauzak era batera izateak ez duela esan nahi horrela izan behar direnik edo horrela izango direnik, eta geure eskuetan dagoela deseraikitzea», adierazi du.
Kurtxiakoa Lekeitioko mugimendu feministako kide da. 2021ean Andraetxea martxan jarri zuten, 2018ko martxoaren 8tik zaintzaren inguruan eztabaidagai jarri zen hausnarketa kolektiboan oinarrituta. Esperientzia hari buruzkoak gogora ekarri ditu: «Mahai gainean jarri nahi izan genuen kapitalismoaren eta patriarkatuaren arteko ezkontzak ekarri duela bizitzak emakumeen aitortu gabeko lanari esker aurrera egitea. Ordaindu gabeko lana, txarto ordaindutakoa, esplotazioan oinarritutakoa, batzuetan esklabotzan ere bai. Handik irten zuen Lekeitioko emakumeok* herrian erreferentziazko toki bat behar genuela». Merkatu atzeko lokal batean egon ostean, epaitegi zaharrera pasa ziren. «Hantxe segitzen dugu. Ostegunero txandak eginaz antolatzen gara. Hainbat gauzatarako egituratzen gara, eta hor gabiltza herri feminista eraikitzeko bidean geure hondar alea ipintzen».