"Arrakastatsua eta berezia" izan da 12. Ilusio Ponpak jardunaldia
Amagoia Eizaguirre psikologoa eta Patty Bonet aktorea Ilusio Ponpak jardunaldiko hizlariak izan ziren joan den barikuan [otsailak 27]. "Norbera izatearen" eta "marka pertsonala eraikitzearen" garrantziaz aritu ziren.
Amagoia Eizaguirre 'Ilusio Ponpak' jardunaldiko berbaldian Beste urte batez, Lea Artibai Ikastetxeak “ilusioa eta baikortasuna” elkarbanatzeko jardunaldia eskaini zuen joan den barikuan [otsailak 27]. Ilusio Ponpak jardunaldiaren hamabigarren edizioa izan zen bariku goizekoa, eta urtero legez, auditorio gela goiraino bete zuten. “Martxoaren 8a hurbil izanda, emakumearen indarra azpimarratzeko momentua” dela azpimarratu zuten, eta horren eredu izan ziren Amagoia Eizaguirre psikologo eta hizlaria eta Patty Bonet aktorea. Beraien artean “oso desberdinak” diren bi emakume direla azpimarratu zuten, argi izanik desberdin izate horrek egingo zuela jardunaldia “berezi eta interesgarri“.
“Norbera izatea eta gure marka pertsonala eraikitzeak duen garrantzia azpimarratzea” izan zen jardunaldia antolatzearen arrazoia aurten. “Aniztasunetik ikasten eta gutariko bakoitza desberdin egiten gaituena ospatzen ikasteko” batu ziren enpresa arloko hainbat entzule, maila berean, “autentiko izatearen” eta “deberdin izatearen” garrantzia azpimarratzeko eta norberaren barnera begira jartzeko. “Ilusioa partekatzen denean, biderkatu egiten dela” adierazi du antolakuntzak, eta norbanakoen bizipenak partekatzeak “bakoitzaren berezitasunak” aurkitzea ahalbidetzen du.
Amagoia Eizaguirrek hartu zuen lehen hitza. Psikologoak “norberaren marka pertsonala” eraikitzearen garrantzia oinarri izanik eraiki zuen bere hizketaldia. Datorren garai berriaz aritu zen, adimen artifiziala dena ordezkatzen ari den horretaz. Hala ere, argi adierazi zuen “gure nortasuna dela ordezkatu ezingo den gauza bakarra”, eta beraz, nor garen argi izatea beharrezkoa izango dela. Norbera izate hori “funtsezkotzat” hartzen du Amagoia Eizaguirrek. Bere ibilbide profesionalaren punturik gorenean egon eta errealitatea aurrez aurre jarri zitzaion: “Nire buruari nor nitzen galdetu nion, eta ez nuen erantzunik aurkitu”.
Pentsamendu hori abiapuntu izanik, jardunaldiaren oinarizko ideian murgildu zen hizlaria. Gure gizarteko norbanako bakoitzak “norabide aldaketa bat egin eta nor garen jakitearen aldeko apustua” egin behar duela argi adierazi zuen. Bizipen pertsonaletatik jo eta beldurgarria zen puntu batera heldu zela aitortu zuen: “Ez nintzen nire lanarekin identifikatzen, ez nintzen nire egunerokotasunarekin identifikatzen, eta ez nekien nor nintzen”. Norbera ezagutzea eta aurkitzearen garrantziaz konturatu zen une horretan, eta hori aurkitzeko lanketa bat egin behar dela azpimarratu zuen.