Martxoaren 17ko greba orokorrera langileak batzeko deia
LAB sindikatuak kotxe karabana egingo du barikuan (martxoak 6), 10:00etan, Ondarruko Anexutik aterata, martxoaren 17ko greba orokorrera langileei batzeko deia egiteko. Grebaren helburua argia da: 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzea.
M17ko greba orokorrera atxikimendua adierazi duten enpresen agerraldia. LAB Sindikatua Martxoaren 17rako Greba Orokorra erregistratu zuten ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek urtarrilaren 19an, gutxieneko soldatak bertan erabakitzeko eta langileen gutxieneko soldata hori 1.5000 eurokoa izateko eskatzeko helburuz. Hala, Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500 euro. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko lelopean egingo duten greba orokorra berotzeko hainbat ekintza deitu dituzte sindikatuek egunotarako. Esaterako, LAB sindikatuak kotxe karabanak deitu ditu, eta, barikuan (martxoak 6), 10:00etan, Ondarruko Anexutik aterako dira.
Izan ere, lan baldintzen okertzearen eta bizi kostuaren “etengabeko igoeraren aurrean” erantzun kolektiboa eman gura dute sindikatuek. Helburua argia da: 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzea. “Bizitza garestitu da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Ondorioz, langileok erosahalmena galdu dugu. Soldatek 2008ko pisua berreskuratuko balute, 1.523 milioi euro gehiago jasoko genituzke”, azaldu dute. Dagoeneko 1.700 enpresa batzorde eta langileen ordezkaritza organok bat egin dute grebagaz, baita hamaika eragile eta mugimendu sozialek ere.
Salatu dutenez, azken urteotan soldatek ez dute “bizi kostuaren igoerari erantzuteko adinako hazkundea izan”, eta horrek langileen “bizi baldintzak nabarmen kaskartu” dituela gehitu dute: “Gaur egungo soldatek ez dute oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen. Horregatik, Greba Orokorrera goaz”. Testuinguru horretan, gutxieneko soldata duin baten beharra “premiazkoa” dela azpimarratuko dute, baia hori “hemen erabakitakoa eta bertako errealitate sozioekonomikora egokitua” izatea ere. Diotenez, gutxieneko soldata horren proposamenak zuzenean 167.000 langileren egoera hobetuko luke Hego Euskal Herrian, eta LGS altuago batek negoziazio kolektiboa baldintza dezake soldata igoera handiagoak adosteko.
Ze, sindikatuek gogorarazi dute gutxieneko soldataren inguruko erabakiak “Euskal Herritik urrun” hartzen direla, “langileen eguneroko beharretatik eta bertako ezaugarrietatik aldenduta”. Horren aurrean, erabakitzeko ahalmena hemen izatea “funtsezkoa” dela defendatuko dute, lan-harremanetan burujabetzaren bidean urratsak emateko helburuz.
Zergatik orain?
Gutxieneko soldata propioa lortzeko bidean, sindikatuek bi bide landu dituzte: batetik, bertako eskumenen baitan, patronalekin negoziazio-mahaia irekitzeko saiakera egitea; bestetik, eskumen berriak lortzeko bidean, sindikatuek herri ekimen legegilea bultzatzea, horren alde 138.495 sinadura jasoz. “Bi bideak blokeatu dituzte patronalak eta euren mesedera lerrokatu diren alderdi politikoek. Era berean, sindikatuen iritziz hirugarren bide bat ireki beharra dago, eta ezinbestekoa da gutxieneko soldataren afera Bizkai, Araba eta Gipuzkoan zein Nafarroan estatus juridiko-politikoaren berrikuntzan ezinbesteko aldarrikapen gisa kokatzea”.
Horren aurrean, sindikatuek argi adierazi dute patronalak zein Nafarroako eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Gobernuak “erantzukizun zuzena” dutela gaur egungo egoeran: “Ezin da soldaten galera orokortuaren aurrean neutralitatea mantendu, ezta lan-baldintzen okertzearen aurrean albo batera begiratu ere”. Gutxieneko soldata duin baten aldeko neurriak hartzea “borondate politikoko kontua” dela azpimarratu dute.
Martxoaren 17ko greba orokorraren bidez soldatak hobetzea eta aberastasunaren “banaketa bidezkoagoa” exijituko dituzte sindikatuek, azken urteetan enpresen eta kapitalaren irabaziak handitu diren bitartean langileek galera izan dutela salatuz. Gainera, arrakala matxista eta arrazistak murrizteko aldarria ere kaleratuko dute, izan ere, 307.000 langile dira egun 1.500 euro baino gutxiago kobratzen dutenak, gehienak emakumeak eta langile migratuak. Grebak, halaber, lan-harremanen esparruan erabakitzeko ahalmena hemen izateko beharra mahai gainean jarriko du. Eta, gutxieneko pentsioa eta prestazioak igotzearen, sortzen den aberastasuna justuago banatzearen alde ere egingo dute.