Goxua Txapelketa final erdietara iritsi da, inoiz baino partida erabakigarriagoekin
Jardunaldi erabakigarriak izango dira asteburukoak, eta martxoaren 21ean jokatuko dute final handia.
Inoiz baino erabakigarriagoak izango dira Markina-Xemeinen jokatzen ari den VII. Master Goxua Txapelketako jardunaldiak. Final erdietara heldu da txapelketa, eta barikuan [martxoak 13] jokatuko da lehen partida. Lehen partida honetan, lehen mailan Txirloi eta Mikel Urizar norgehiagoka arituko dira Aldape-Aranburu bikotearen aurka. Zapatuan [martxoak 14] bigarren mailako partida biak jokatuko dira: Alde batetik, Xabier Uriarte-Mikel Uriarte bikotea Anitua-Arrieta bikotearen aurka arituko da finaleko tokia lehiatzen. Ondoren, Gandixa-Adorrixa eta Igor Jaio-Unax Gorostola bikoteek ikuskizun paregabea eskainiko dute finalerako partida erabakigarrian. Domekan izango da final erdietako azken partida: Esnaola-Mujika eta Unai Agirrezabala-Txaber Zabala bikoteak lehen mailako finalerako tokia lortzeko arituko dira jokoan.
Azken kanporatuak. Zortzi partida jokatu ziren guztira joan den asteburuan, eta momentu erabakigarri honetan, zortzi bikote izan dira txapelketatik kanpo geratu zirenak. Lehen mailan, Aldapek eta Aranburuk Kortazar eta Ube kanporatu zituzten, 18 eta 11 tantorekin, hurrenez hurren. Txirloi eta Urizar nagusitu ziren Uzuriaga eta Praderaren aurkako partidan, 18 eta 10 tanto eginda. Markagailua 18 eta 7 tantorekin utzi eta Esnaola eta Mujika izan ziren Legarra eta Muruaga kanporatu zituztenak. Lehen mailan, final erdietara sailkatu diren azkenak Unai Agirrezabal eta Txaber Zabala izan dira, Eneko Muniozguren eta Zugadi garaitzea lortu ostean.
Bigarren mailan, Adorrixa eta Gandixak final erdietara pasea lortu dute, Laka eta ekaitz 13 tantorekin atzean utziz. Cano-Gerrikabeitia bikotea ere kanpoan geratu da, 13 tantorekin Xabier eta Mikel Uriarteren aurka galdu ostean. Anitua eta Arrieta izan ziren 18 tantoak egiten lehenak Igoi Loidi eta Haritz Arribillagaren aurka, hauek 14 tantotan utziz. Markagaitua 17-18 tantorekin utzi zuten Alex Arrate -Ander Arraiza eta Unai Agirrezabal-Txaber zabala bikoteek, bigarren hauek sailkapena lortuz.
Final erdiak jokatuko diren asteburu honetan ezagutuko ditugu final handira sailkatuko diren bikoteak. Egun handia martxoaren 21ean izango da.