Soinu ozen eta anitzen babesleku izan da Elizpe Rock
Adin eta leku guztietako jendea erakarri du jaialdiak Etxebarrira, eta jasotako erantzun ezin hobeari esker, antolatzaileak "indarberrituta" daude hurrengo urteetara begira.
Musikariak Elizpe Rock jaialdiko oholtzanElizpe Rock Azken urteetako Elizpe Rock “handiena eta jendetsuena” izan zen joan den zapatukoa [apirilak 11]. “Giro oso ona” izan zutela adierazi dute antolatzaileek eta argi geratu zen, beste behin, Elizpe Rock eskualdeko musika bultzatzeko beharrezkoa dela, eta musika gustoko duen pertsona oro erakartzeko gai dela.
Aldaketekin hasi zuten egitaraua Etxebarrian. Musika zaleek ez zuten eguraldia alde izan, eta Irubide tabernaren aurrean aurreikusita zeuden hiru kontzertuak elizpean egin behar izan zituzten. Akustikoan izan bazen ere, oholtza bete zuten Uxue eta Eztebe, Apapun eta Akustikaia taldeen ahots eta gitarra doinuek. Toki aldaketa egin behar izateak zalantzak sortu zituela aitortu dute antolatzaileek, baina kontzertu hauek ikusteko batu zen jende guztia “jaialdi handia” izango zenaren sainale izan zen. Herriko umeen trikitixa eta pandero doinuek ere izan zuten plaza alaitzeko ardura, eta jendearen harrera ezin hobea izan zen.
Konorte, Lionels eta Mitosia taldeen kontzertuak izan ziren egitarau nagusiko lehen hiru kontzertuak. “Leku eta adin desberdinetako jendea” batu zuten oholtza azpian, eta gutxinaka, gero eta jendetsuago ikusten zen elizpea. Eskualdeko gazte asko hurbildu zen Eskafandra, HIL edo Beretterren kontzertuak ikustera, eta entzule aldetik, oso “anitza” izan zela adierazi du antolakuntzak. Forma, Reder, Konorte eta Aiama taldeek osatu zuten egitaraua, eta jendea oso pozik agertu zen kontzertuekin eta bertan sortutako giroarekin. Jaialdian klasikoak bihurtu diren doinu gogorretaz haratago, Zerotan erromeria taldeak bestelako doinuak ekarri zituen jaialdira, eta gaua “biribildu” zuten. Eskualdeko gazte zein heldu asko erakarri zituen jaialdiak Etxebarrira, eta antolatzaileak pozik agertu dira lorpen horrekin. Hala ere, Elizpe Rock Lea-Artibaiko mugetatik haratago heldu zela ikusi dute, izan ere, jendea etorri zen Ermutik, Mallabitik edo Durangaldetik.
Elizpea goraino bete zen, eta poza eta erantzun ezin hobea nabari zen hardcore, metal, Oi!, post-punk eta punk-rock zaleen artean. Erantzun ezin hobea jaso du antolakuntzak, eta agerian geratu da urte guztian zehar egindako lanak merezi izan duela. Hori horrela, Etxebarria musikaz betetzen jarraituko du Elizpe Rock jaialdiak: “Jasotako erantzunari esker oso indarberrituta gaude hurrengo urteetara begira”.

Inoizko Elizpe Rock jendetsuena izan daElizpe Rock