Ziortza-Bolibar denONA: herri irisgarriago bat sortzeko plana abiarazi dute
Ziortza-Bolibarko Udalak herri-partaidetzako prozesu bat jarri du martxan, topaketarako eta zaintzarako espazio publiko irisgarriak diseinatzeko.
Ziortza-Bolibarko Udalak udalerriko espazio publikoen eraldaketa diseinatzeko beharra ikusi du. Hori helburu izanda, Ziortza-Bolibar denONA proiektua abiarazi dute. Herri-partaidetzako prozesua izango da, zaintza eta irisgarritasuna ardatz izango dituena. Honen bitartez, herriko plaza eta ibilbideak “irisgarritasun unibertsalaren eta zaintza-eredu berrien arabera” egokitu nahi dituzte. Ekimen honek herritarren ongizatea izango du oinarri, eta udalak, herritarrekin batera, “osasun komunitarioa eta gizarte-kohesioa indartzeko helburuarekin” lan egiteko beharra erakutsi du. Udalak “egiturazko erronkatzat” jo du proiektua, eta argi adierazi du “landa-eremuko zahartze aktiboaren alde eta bakardadeari aurre egiteko tresna” izango dela.
Proiektuak arreta berezia jarriko du zaintza-lanetan. Horretarako, prozesuak herriko espazio publikoak “berriz pentsatzeko” aukera ekarriko du. Elizalde eta Iruzubietako plazak, parkeak eta kaleak pertsona guztientzako egokitzea izango da jomuga. Hala, haur, gazte eta helduentzat herriko espazioak “irisgarriagoak, seguruagoak eta atseginagoak” izatea ahalbideratuko dute, “mugikortasun iraunkorra eta zahartze aktiboa” bermatuko dutenak.
Udal eragileek azaldu dutenez, topaketarako eta zaintzarako espazio publikoak diseinatzeko plana herritarrekin elkarlanean gauzatuko den proiektua izango da: “Ez dugu soilik hirigintzaz hitz egin nahi, herritarren osasuna eta ongizatea hobetuko duen plangintza bat osatu nahi dugu denon artean”. Hori horrela, argi adierazi dute ez dituztela hirigintzan adituak diren profesionalak behar, Ziortza-Bolibarko herritarrak baizik. Helburua, beraz, bertan bizi direnen eta espazio publiko hauek erabiltzen dituztenen iritziak eta esperientziak batzea du helburu udalak, prozesua ahalik eta “aberasgarriena” izan dadin.
Udalak, beraz, prozesu parte-hartzailean euren alea jartzeko deia zabaldu nahi die herritarrei, eta 12 urtetik gorako herritar guztiei egongo da zuzenduta. Galdetegi bat izango da parte-hartzerako tresna, eta honen bitartez, udalak herriko espazioiei buruzko iritziak batuko ditu. Topaguneak, tabernak, ibilgailuen presentzia eta hauen abiadura, espaloien agokitasuna, autobus zerbitzua eta beste hainbat gai izango dituzte hizpide.
Ziortza-bolibartarrek galdetegia betetzeko aukera izango dute apirilaren 15etik aurrera. Galdetegi digitala Ziortza-Bolibarko Udaleko webgunean argitaratu dute. Bestalde, paperezko bertsioa etxeetako buzoietan banatuko du udalak. Galdetegia bete eta udaletxeko postontzian utz daiteke apirilaren 30a bitartean. Nahi duenak, apirilaren 24ko saiora ere ekarri ahalko du.
Saio irekia. Apirilaren 24rako herritarren topaketa nagusia antolatu du udalak. Bertan, formakuntza eskainiko dute, eta ondoren, mahai ezberdinetan antolatu eta planari buruzko taldekako lanketa egingo dute bertaratzen direnek. Galdetegian agertu diren gaiei buruz arituko dira solasean, “Ziortza-Bolibar hobe bat diseinatzeko”. Udaletxean egingo da bilkura, 18:00etan hasi eta 20:30etara arte.