Hartu eta eman, sarea ez apurtzeko
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzaren balio soziala ikertu dute Ane Zuazubiskar Iñarra eta Eneko Bidegain Aire Mondragon Unibertsitateko irakasleek, eta gizartearentzat sortzen duen balio sozial eta sozioekonomikoa "handia" dela ondorioztatu dute.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak gizartearentzat sortzen duen balio sozial eta sozioekonomikoa “handia” dela jaso du Ane Zuazubiskar Iñarra eta Eneko Bidegain Aire Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleek egindako ikerketak.
“Arreta handiena balio kualitatiboari jarrita” ikertu dute proiektuaren 2024ko balio soziala, eta emaitzek erakusten dute hedabideak “funtsezko ekarpena” egiten duela lurralde-kohesioan, euskararen normalizazioan, kulturaren hedapenean, gizarte-eragileekin elkarlanean eta memoria kolektiboaren eraikuntzan. Ondorio nagusien artean nabarmentzekoa da baliabide mugatuak izan arren, gizartearentzat sortzen duen balio sozial eta sozioekonomiko handia. Metodologia kualitatiboan oinarrituta, hedabidearen interes-talde nagusiekin egindako elkarrizketak baliatu dituzte: Lea Artibai Ikastetxea, Ibarrangeluko Udala, Berriatuko Udala, 11Barri, EIKA, Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Gernika Memoriaren Lekuko, AEK eta Helmugak proiektua.
Larraitz Ibaibarriaga Etxaburu Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzaren zuzendariak esan bezala, ikerketa “oso garrantzitsua” da, eta bertako emaitzek “pozgarriak” dira. Euskararen normalizazioaren aldeko ekarpena egiteko sortu zen proiektua, eta ikerketaren emaitzak agerian utzi dute proiektuaren ekarpena “harago” doala: “Eguneroko jarduna euskaratik eta euskaraz egiten dugu, hori baita gure proiektuaren oinarria. Era berean, herritik eta herriarentzako sortutako proiektua da gurea, eta egunero herritik asko jaso eta herriari asko ematen diogula erakusten du ikerketak”.
Egitura administratiboetatik harago, HITZAk eskualde-izaera “elikatzen eta indartzen” duela ondorioztatu dute ikerketan. Eskualdeak bere osotasunean lantzen dituen komunikabide bakarra denez, herritarren arteko harremanak edukitzeko komunikabide “naturala eta erreferentziala” bihurtu dela adierazi dute eragileek. Batasun eta kohesio horretaz gain, “ezinbesteko funtzioa” betetzen du eskualdeko herrien arteko oreka mantentzeko, bereziki nukleo handien eta txikien artean, herri txikiei ahotsa ematen dielako. Hedabideak “arreta berezia” jartzen die herri txikiagoei, eta “haien existentzia eta dinamismoa bermatzen ditu”. Eskualdeko jendearen artean komunitate zentzua “indartzen” du, eta eragile eta elkarteei bestela iritsiko ez liratekeen lekuetara iristeko aukera ematen die.
Euskararen sustapena. HITZA da eskualdeotan euskararen normalizazioari ekarpen estrategikoa egiten dion “komunikabide bakarra”, euskalgintzan “oinarrizko zutabe” gisa finkatuta baitago.
Horrez gain, “integrazio tresna” ere bada HITZA, immigrazio-tasa handia duen eremuan. Komunitatea ehuntzerako orduan, “balio transbertsala” dauka, bai bertakoentzat, bai etorri berrientzat, euskalduntzeko eta komunitateko parte sentitzeko tresna “esanguratsua” baita.
HITZAren gertutasuna da bere ezaugarririk preziatuena interes-taldeentzat, eta hainbat modutan gauzatzen da. Herritarren edota eragileen eta kazetarien arteko harremana “naturala, hurbilekoa eta erraza” da, eta herrietan edozein ekimen sortzen denean, “jendeak berez jotzen du HITZAra”, eta hedabideak prestutasun “osoa” erakusten du oihartzuna emateko: “Prentsa agentzia herritarra dela aipatu dute batzuek, herrietako gai guztietara iristeko gaitasuna duelako”. Bertakoa bertakoari kontatzeak eta hori euskaraz egiteak “hurbiltasuna eta egiazkotasuna” ematen dizkio informazioari: “HITZAk gertutik lan eginez, kazetaritza hobea eta zehatzagoa egiteko erraztasuna du”.
Eskualdeko enpresa, kooperatiba, udal eta elkarteentzat, “erreferentziazko komunikabide naturala” da, eta kooperatibek zein eragile eta erakundeek “bidelagun egoki gisa” ikusten dute: “Komunikatzeko modurik zuzenena, eraginkorrena eta errazena da udalentzat”.
Bi hamarkadetako ibilbideari esker, HITZAren artxiboa herritarrentzat “altxor izugarria” bihurtu da. Jaso duten materialetik harago, HITZAren “balio bereizgarria” memoria “tratatzeko moduan” datza, instituzioetatik datorren “ikuspegi ofizialari herriarena gehitzen” baitio, eta herrigintzaren “erakusleiho eta ahotsa” baita: “HITZA da behetik gorako memoria historiko hori jasotzen duen hedabide bakarra”. Artxibo lanetik “harago” doa bere balioa: “Askotan kontziente ez garen arren, HITZAk egiten duen eguneroko lana etorkizuneko ikerlarientzako funtsezko iturria da”.
Alfabetatzean, euskararen sustapenean, herri kohesioan eta herriari buruzko informazioan, artxibo biltegian, eta abar egin duen ekarpena kontuan hartuta, “zuhurtziazko” datu hau eman dute: “Jasotako euro bakoitzeko 4,30 euro gehiago eman dizkio gizarteari, balio sozial espezifiko gisa. Orokorrean, beraz, balio espezifiko orokorra 2.320.027 eurokoa da, alegia, jasotako euro bakoitzeko 6,39 eurokoa”.