Etxeak eta memoria zeramikan islatuta
Txikitatik erakarri dute arte plastikoek Paule Musatadi. Markina-xemeindarrak Euskal Herriko arkitekturan zerbait berezia ikusi izan du betidanik, eta hortik abiatuta, bai baserriak, bai fatxadak zeramikaz egindako piezetan islatzen ditu. 20 urteko gazteak txikitan moldatu zuen zeramika lehenengoz. Ordutik, sortzeko grina barru-barruan eraman du.
Baserriak eta fatxadak zeramikan eta koloretan islatzen ditu.Arroxa Zeramika Egunerokoan oharkabean igarotzen diren xehetasunetan arreta jartzea artelan handiak (eta txikiak) egiten hasteko abiapuntu izan daiteke artista batzuentzat. Gaitasun horri etekina ateratzen jakin eta proiektu berezi bat martxan jarri du Paule Musatadi markina-xemeindarrak. Hala, urtarrilean sortu zuen Arroxa Zeramika proiektua, eta sare sozialen bitartez zabaltzen ditu hilabete hauetan egindako lanen prozesu eta emaitzak.
Artea eta tokian tokiko arkitektura —gauza bera ez badira— atsegin ditu artistak, eta biak uztartzeko bidea aurkitu du zeramikaren praktikan. Euskal lurretako eta inguruetako ondareari omenaldi berezia egiten dio Musatadik bere lanaren bitartez, izan ere, Euskal Herriaren irudi eta nortasun diren baserri eta fatxadetan oinarrituta egiten ditu zeramikazko piezak. Tradizioa eta artisautza uztartzearen emaitza da Arroxa Zeramika proitektua, eta denbora pasatzeko ariketa soil bat zena, bere egunerokotasunaren parte handi bat bihurtu da.
Txikiagoa zenean eta ustekabean hasi zuen Musatadik zeramikagaz duen harremana: «Opari bat nahi nuen egin Gabonetarako, eta familiaren baserria islatu nuen zeramikan». Bere ingurukoek ere berehala ikusi zuten lan hark zuen balio berezia, eta emaitzagaz pozarren, amak eman zion guztiaren hasiera izango zen ideia: «Baliteke jendeak bere baserria tamaina txikian eduki nahi izatea». Lehen pieza hura ez zen soilik opari bat izan; etorkizuneko proiektu baten lehen pausoa izan zen. Ideiari heldu, eta bide horri ekin zion markina-xemeindarrak.
Orain, Markina-Xemeingo sortzailea familia batzuen enkarguak jasotzen ari da eta, beraz, hango eta hemengo baserri eta fatxaden bertsio txikiak egiten jarduten du. Memoria eta istorio askoren gordeleku da baserri bat artistaren iritziz, eta sortzen dituen pieza bakoitzak familia baten historia gorpuzten du. Pentsaera hori mantenduz egiten du lan markina-xemeindarrak, beraz, «poliki eta errespetuz» burutzen ditu enkarguz egindako lanak.
Paule Musatadi: “Oraindik prozesuaren oso hasieran nagoela iruditzen zait. Oso gustura nago egiten ari naizen honegaz, eta honetan zentratuta egon nahi dut denboraldi luze batez”.
Gaur-gaurkoz, pieza bakoitzaren sortze prozesua eskari bat jasotzen duen unean hasten da markina-xemeindarrarentzat. Une horretatik aurrera, zehaztasuna, ardura eta pazientzia funtsezko elementu bihurtzen dira, izan ere, «argazkietan ikusten dena baino txikiagoak» direla adierazi du: «Jendea beti harritzen da baserrien tamainagaz, piezak oso txikiak direlako». Txikitasun hori kontuan hartuta, «tresna bereziak» erabili behar izaten ditu Musatadik: «Atzamarrekin lantzea oso zaila da, beraz, arkatz baten itxura duten tresnak erabiltzen ditut, silikonazko punta dutenak. Horiekin, detaileak fintzen ditut, eta toki txikietara heltzen naiz».
Honela lortzen du hain harritzekoa eta berezia den errealismoa pieza txiki horietan. Muntaketa prozesuan «barbotina» erabiltzen duela azaldu du, bi pieza elkarregaz lotzeko erabiltzen den nahaste bat da, uragaz eta zeramikagaz sortzen dena: «Honi esker, pieza muntatzen dut, leihoak moztu, harritxoak jartzen dizkiot, teilak ere itsasten ditut, eta itxura emandakoan, tailerrera eramaten dut pieza».
Koloreari buruz ere aritu da, eta azaldutakoagaz, argi geratzen da ez dela lan erraza. Tonu desberdinak lortzea ez baita marrazte hutsa eta, horretarako, engobeak erabiltzen ditu. Oxido eta buztinaren arteko nahaste bat da, piezaren xehetasunak eta horma eta teilatuen testurak zehazteko beharrezkoa izango dena. Lan horiek eginda, pieza labean sartzen ditu. Tailerrera astean behin joaten denez, zazpi egun pasata joaten da piezaren bila. Azken ukitua emateko, esmaltea erabiltzen duela adierazi du artistak.
Paule Musatadi: “Hodei baten nago momentu hauetan; ezin dut sinistu proiektuak izan duen harrera ona”.
Zeramika egitea «asko gustatzen zaiola» agerian geratzen da, beraz: «Astean lau edo bost aldiz egiten dudan zerbait da, eta ez naiz konturatzen denbora pasatzen dela». Hala ere, ematen duena baino «ez-terapeutikoagoa» dela aitortu du Musatadik barre artean: «Zure esku ez dauden arrazoiengatik piezari zerbait gertatu ahal zaio. Astebetera tailerrera joan eta zure piezari arrakala bat irten dakioke».
Frustrazioak alde batera utzita, markina-xemeindarrak sortzen jarraitzeko asmoa erakutsi du: «Gabonetarako egin nuen lehen baserritxoa, eta proiektuagaz urtarrilean hasi nintzen, beraz, oraindik prozesuaren oso hasieran nagoela iruditzen zait. Oso gustura nago egiten ari naizen honegaz, eta honetan zentratuta egon nahi dut denboraldi luze batez. Hodei baten nago momentu hauetan; ezin dut sinistu proiektuak izan duen harrera ona». Teknikan sakontzen eta gero eta gehiago praktikatzen jarraitzeko gogoak soberan ditu. Luzaroan ikusiko ditugu, beraz, Arroxa Zeramikaren baserri eta fatxada txikiak han eta hemen.