LEA-ARTIBAIALDEKO HEDABIDEAK
LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA egunkari zabala eta independentea izateko sortu zen, euskal komunitateko sentsibilitate guztiak kontuan hartzekotan sortu ere. Ezaugarri horiek bermatu eta pluraltasunaren alde egiteko konpromisoarekin kaleratzen du LEA-ARTIBAIALDEKO HEDABIDEAK S.L. enpresak.
Gizarteari zerbitzu bat eskaintzen dio LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAk, bai paperean eta bai Interneten: euskal hiztun guztiek osatutako komunitatean, Goierriko eskualdean euskaraz argitaratzen den egunkari orokor bakarra da, eta komunitate horrek osatutako irakurleria dauka erreferentziatzat. Hizkuntzaren bitartez euskaldunen komunitatearen indar kohesionatzaile eta integratzaile gisa ari den kultur baliabide modernoa da, eta tresna sozial bateratzailea.
Jarraibideak
Ikuspegi aniztasuna
LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAn, aniztasunaren alde egingo da. Kolaboratzaile, zutabegile, blogari eta, oro har, LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAn idazten duten guztien iritziak bere hartan errespetatuko dira. Euskal irakurleen artean dagoen iritzien zabala kontuan hartuko da. Informazioa emateko, alde guztien ikuspuntuak bilduko dira, eta albistearen alde guztietako protagonistei ahotsa emateko ahalegina egingo da beti.
Kazetarien jardunbidea
Informazio bat albiste bihurtuko den erabakitzeko, haren egiatasuna ziurtatu eta iturriak fidagarriak direla egiaztatu beharko du kazetariak, ezer baino lehen. Gizartean hedatutako zurrumurruak ez dira albiste iturritzat hartuko LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAn.
Kazetariak zintzotasunez erantzun behar dio lanbideari:
- Informazioa era zilegian biltzen ahalegindu behar du.
- Albistea egiatasunez ematen saiatu.
- Giza eskubideak errespetatu edukietan.
- Hizkuntza ere zuzen eta egoki baliatu.
Informazioa biltzeko bideak
Kazetaritzaren jardunean, informazioa bilatu eta eskuratzea da lehenengo zeregina. Ez da edozelan egin behar: kazetariak zilegizkoak diren bideak erabiliko ditu argazkiak, adierazpenak eta dokumentuak lortzeko. Kazetariak ez du ahaztu behar, irakurleek duten informazio eskubidea gorabehera, pertsonek ez dutela zertan erantzun kazetariak egindako galderei, ezta hark eskatutako frogarik zertan eman ere.
Informazioa bide zilegietatik lortzeko ahaleginari lotuta, sekretu profesionala da kazetariaren betekizun nagusietakoa: iturriari zor dion isilpekotasuna. Kazetariak informazio iturriaren izena inori ez emateko betekizuna du, iturriak hala eskatzen dionean.
Egiatasuna
Herritar guztiei dagokie informazio zuzen eta egiazkoa eskuratzeko eskubidea, eta kazetariaren beste egiteko nagusietako bat da hori bermatzea. Horretarako, jarrera prestua erakutsi behar du: errealitateari objektiboki begiratuko dio, eta talaia horretatik saiatuko da informazioa atontzen, betiere eskura dituen datuak zein dokumentazioa behar bezala egiaztatuta eta gertaerak dagokien testuinguruan kokatuta (espazio-denboretan, aurreko gertakariekin lotuta, nondik norakoak eta zergatiak azalduta…).
Gertaeren gaineko zurrumurru, uste, iritzi-miritzi eta esamesek ez dute lekurik informazioan. Gertaerak beren testuinguruan azaldu behar dira; haiek ulertzeko eta interpretatzeko behar beste datu eman behar dizkio kazetariak irakurleari. Gainera, zerikusia izan duten aldeen edo ondorioak jasan dituztenen bertsioa jasotzea ezinbestekoa da albistearen osotasunari erreparatzeko. Zehatz eta inpartzialki idatzi behar da: gertaeren deskripzio objektibotik aldendu gabe. Eskura duen informazio garrantzitsurik ez du ezkutatu edo isilduko, albistearen protagonistetako baten alde egitearren.
Kazetariak bere esku dauden neurri guztiak hartu arren inoiz albisteren bat akats eta guzti argitaratzen bada, zuzendu egingo da lehenbailehen, argitaratu eta biharamunean ahal dela: akatsa eta datu zuzena, biak argi adieraziz, eta ondo ikusteko tokian eta moduan. Zuzenketaren ardura albistea argitaratu den sailari dagokio.
Giza eskubideak
Edozein herritarrek bezala, banakoen oinarrizko eskubideei errespetua zor die kazetariak. Hasteko, pertsonen ohore, intimitate eta irudi eskubideei kalterik egin gabe jokatu behar du. Norbaiten aurkako gezurrak eta irainak esatea ohorearen aurka jotzea da, eta haren izen ona zikintzen du. Banakoei dagozkien gertaera, datu eta sekretuak zabaltzea intimitatearen aurkako erasotzat jotzen da, baldin eta ezagun eta publikoak ez badira, are protagonistak baimenik eman ez badu. Inoren izenari kalte larria egiten dion irudirik ez du argitaratuko LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAk, ez informazio ataletan, ez publizitatekoetan.
Informazioaren protagonisten ohorea eta duintasuna babesteko, ez da jakinaraziko istripuetan hildakoen edo larri zauritutakoen, eta hondamendien eta indarkeriaren biktima izan diren adingabeen izenik.
Era berean, elkarrizketa bat publikatu aurretik elkarrizketatua larri zauritu, gaixotu edo hiltzen bada, LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAk ez du publikatuko, non eta ez duen haren edo familiaren baimena.
Bere buruaz beste egin duten pertsonen izen osoa ere ez da jakinaraziko: nahikoa izango da inizialak ematea. Pertsona publikoekin bakarrik egin liteke salbuespena.
Errugabetasun presuntzioa oinarrizko eskubidea dute herritar guztiek: kazetariak ez du inor epaituko, ez informazio sailetako albisteetan, ez iritzi saileko artikuluetan; are gutxiago, atxilotuta baina epaitu gabe dauden pertsonak.
Hizkuntza
Hedabideen zereginetako bat da hizkuntzaren erabilera egokia sustatzea, esamoldeak eta ereduak zabaltzeko bideak jartzen dituztelako. LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAk ardura handiz heltzen dio lantegi horri.
Hizkuntzaren, edo are komunikazioaren arloan, gramatika eta pragmatika aldetik guztiz egokiak diren testuak idatzi behar ditu kazetariak. Zuzentasun sintaktikoa du oinarrizko maila: errealitatearen deskripzioan, faltsutasunik eta anbiguotasunik ez sortzeko, gaizki ulertzeko modurik ez emateko, nahasketarik ez eragiteko.
Baina hizkuntzaren zuzentasunaz gain, zeinu hutsetik harago doan errealitate baten esanahia dute hitzek, eta zerbaiten erreferentzia dira; horiek egiazkoak zein faltsuak izan litezke. Kazetariak egiaz betetako esanahiak eman behar ditu, gauzak diren bezala adierazi. Zuzentasun semantikoari ezin dio ihes egin.
Gainera, kazetariak ondo jabetu behar du bere hitzek duten oihartzunaz. Bere mezuek irakurleengan dituzten ondorioen erantzule baita.
Inoiz ez da gaitzespen esapiderik erabiliko protagonistei buruz, ez aurreiritzirik edo arbuiozko konnotaziorik sor lezakeen hitzik.
Informazioa eta iritzia
Objektibotasuna aipatu ohi da informazioaren ezaugarri nagusitzat. Kazetariari ahaleginean eta jarreran eskatzen zaion zintzotasun intelektuala izango da bere produktuaren objektibotasuna neurtzeko adierazlea. Eta hori gertaeren egiazkotasunarekin lotuta dago, batetik, eta inpartzialtasunarekin, bestetik. Horren ezaugarri nagusiak zorroztasuna eta zehaztasuna dira. Eta ondoz ondo: iturrien balioa aztertzea eta egiaztatzea, informazio elementuen arteko barne kohesioa gordetzea, elementu garrantzitsurik ez isiltzea… Horrek esan nahi du gertaeren berri emateko, zintzotasunaz gain, albiste izaera emateko hautatu diren irizpideak berak ere objektiboak direla. Hala, beraz, behar besteko distantzia hartuko du gaiari buruzko informazioa ematean, inongo aldetara lerratu gabe.
Informazio generoetan ez zaio iritzi pertsonalik onartuko kazetariari, eta gertaeretan eta datuetan oinarrituta baino ez du landuko albistea. Informazio eta iritzi generoen artean, interpretaziozkoak daude.
Informazio generoetako albisteak eta iritzizkoak ez dira edonola nahastuta emango orri berean. Iritzi saileko artikuluak eta idatziak berariazko orrialdeetan kokatu ohi dira LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAn.
Edozein herritarrek bezala, kazetariak ere eskubidea du bere iritziak plazaratzeko, baina, sinatzen dituen testuen autore izanik, haietatik sor litezkeen liskar eta auzien erantzule izango da, norbaiten ohore eta intimitatearen aurka eginez gero bere artikuluetan.
Informazio iturriak
Argi eta garbi adieraziko da kazetariak zein iturri erabili duen informazioa lantzeko.
Informazio iturriak behar bezala identifikatu behar dira. Iturria zehatz aipatu ezin bada, ez da erabiliko “iturri fidagarrien arabera” eta antzeko formulaziorik. Izan ere, fidagarria izan ezean, kazetariak ez du aintzat hartuko.
Batzuetan, iturri batek informazioa ematen du bere izena isilean gordetzeko esanda: “off the record” lortutako informazioa dela esaten da. Horretarako benetako arrazoiren bat dagoenean bakarrik onartuko da “off the record” izatea, eta ez iturriaren kapritxo bati, edo maltzurkeriaren bati, men eginda.
“Off the record” eskuratutako informazioa ez da bere hartan argitaratuko, salbu beste alde batetik baieztatua denean.
Iturri anonimoek ez dute lekurik LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAn. “Jendeak dioenez”, “Politika adituen esanetan” eta antzeko formulazioek ez diote sinesgarritasunik ematen albisteari; alderantziz, kazetariaren iritzia estaltzeko bidea dira. Tentazio hori saihestu egin behar da beti. Jendea, auzokideak, adituak eta beste nor diren ere ongi identifikatuko da.
Informazio iturria beste hedabide bat bada, lehenbailehen aipatu behar da.
Argazkiak
Argazkiak informazio elementuak dira.
Argazkiak teknikoki tratatzen dira LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAn hartarako programa informatikoekin, baina ez dira manipulatuko ez irudia bera eta ez testuingurua. LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAk ahalegin berezia egingo du argazkilariek landuriko konposizioak bere hartan gordetzeko, aldatu edo desitxuratu gabe.
Informatzeko helbururik ez duen argazkirik ez da onartuko LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAn. Istripu, atentatu eta hondamendiak ilustratzeko, ez da lehen-lehen planoko argazkirik argitaratuko: ez da beharrezkoa odola eta sufrimendua gertutik ikustea, tragediaren neurriaz jabetzeko.
Inoren intimitate eta ohorearentzat kaltegarri gerta daitekeen irudirik ez da argitaratuko.
Adingabeen eta mehatxaturik senti daitezkeen pertsonen argazkiak haiek ez ezagutzeko moduan argitaratzeko ahalegina egingo da.
Argazkiak dataturik eta sinaturik argitaratuko dira: ahal dela, argazkilariaren izen-abizenak idatzirik. Artxiboko argazkiak erabiliz gero, testuinguruaren berri eman behar da.
Publizitatea
Iragarkiak publizitaterako berariaz atondutako tokian argitaratzen dira LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAn, bai paperean eta bai Interneten.
Informazioarekin ez nahasteko moduko tipografia eta diseinua erabili ohi da iragarkietan.
Inor iraintzen duen iragarkirik ez da onartuko.
Iragarkietako hizkuntzari dagokionez, zuzentasunaren eta egokitasunaren aldeko proposamenak egingo ditu LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZAk, baina azken erantzulea bezeroa bera da.