40 urte eta gero, herrian mediku barik?
Joan dan maiatzaren 17an Amoroto eta Mendexako medikuak lekualdaketa hartu zuenetik, zintzilik daukogu, momentuz, plaza hori. Osakidetzako eskualdeko arduradunek ahoz eta idatziz adierazi diete Amoroto eta Mendexako udalei plaza hori betetzea dala asmoa. Baina, asteak aurrera doaz, eta bien bitartean, herri biotan ez digute mediku arreta eskaintzen, eta aurrez aurreko egin beharretara Lekeitioko osasun zentrora joan beharrean gabiz. Hilabete daroagu jada egoera honetan.
Orain artean, Amoroton astean hiru egunez eta Mendexan bi egunez egon izan da medikua. Horrez gain, herriko kontsultara etortzeko mugikortasun arazoak euki dituzten herritarrentzako, mediku berberak etxeetara bisitak ere egiten zituen. Orain, barriz, salduta eta galduta ikusten dugu herritar guztiok geure burua. Batez be, hirugarren adinekoen eta mugikortasun arazoak dituztenen egoera okertu da. Kezkatuta, triste eta haserre gaude, eta galdera harrigarria daukagu buruan: «40 urte eta gero, zelan egon gaitezke herrian mediku barik? Denboran aurrera baina zerbitzuetan atzera goaz? Zelan da ba hori?».
Ez dezagun ahaztu familia-medikua dela pertsona baten lehenengo osasun arreta emoten duena. Bera izaten da erreferentziazko medikua. Eta erreferentzia hori edukitzea eskubide bat da, hiri handi batean bizi, zein herri txikikoa izan. Lantzean mediku desberdin batek artatzea, gehienetan telefonoz, eta bestela norbere herritik kanpo, arazo handi bat da. Eta eskubide baten urraketa be bai. Onartu ezin dogun atzerapausoa da.
Herri txikiotako biztanleok ez gara bigarren kategoriako herritarrak, eta osasun arreta herrian berton jasotzea eskatzen dugu. Amoroton eta Mendexan herritarrok prest gaude danok batera dagokiguna eskatzen jarraitzeko, harik eta lortu arte. Horregatik,hurrengo asteetan mobilizazioekin jarraituko dugu arazoak bere horretan jarraitzen badu.
–Ana Urkidi Atxurra (Amoroto) eta Jone Laka Goikoetxea (Mendexa).