Kontsumo globalizatuaren garai honetan, gure jatorrietara hurbiltzen gaituen mugimendu bat gero eta indar gehiago hartzen hasi da. Garaian garaikoa garaiz, ez da modan dagoen lelo bat soilik eta gero eta jende gehiago kontziente da, gure eguneroko saskian sartzen dugunaz.
Honen adibide dira, jende gaztearen artean, kontsumo taldeen eta baserritarren salmenta zuzenaren hazkuntza. Produktu natural eta ekologikoak, gure osasuna zaintzeko era onena dela konturatzen hasi gara eta produktu hauek fresko eta garaiz gure etxeetara heltzearen arduradunak, gure betiko baserritarrak dira.
Euskal Herrian, kontsumitzen ditugun elikagaien %4 soilik produzitzen da. Produktu asko, egia da, ezin ditugula gure lurraldean aurkitu eta kanpoko merkatuetara jo behar dugula, nahi eta nahi ez, hauek eskuratzeko. Baina, beste hainbat produktu, bertokoak izanik, kanpoko produktuekin lehiatzen dira. Zergatik gertatu da hori? Ohiturak asko aldatu egin direlako azken 20 urtetan.
Gure saskia betetzerako orduan, produktu merkeenak bilatu izan ditugu askok eta ez hori bakarrik; betiko azoka alde batera utzita, supermerkatu handietan erosteko joera izan dugu, edo daukagu, suposatzen duen erosotasunagatik. Nahiz eta soberan jakin izan dugun, haiek direla baserritarrei prezioak jartzen dizkietenak, askotan bere bizimodua kondenatuz. Honekin ez dut inor demonizatu nahi, gizarte osoa izan baikara honen erantzule. Esan bezala, gune askotan, egoera berriz ere irauli egin nahi dugunaren seinaleak aurki
ditzakegu. Bilakaera positiboa da oso.
Zoritxarrez, kalte handia egin dugu jada. Gure ohiturak eta tradizioak babestearen alde agertzen gara eta baserritarrek hortan ekarpen ikaragarria egin dute, baia aldi berean, kontsumitzaileok, ez gara haien maila berean egon, behar izan dutenean. Honen adierazle, azokek hartu duten folklore eta festa giroa dira. Gero eta jende gehiago
hurreratzen da, baia ez baserriko produktuak erostera, gehienak, parranda asmoarekin doazelarik.
Astelehen honetan, urtero lez, Gernikako azoka ospatuko da. Han batuko dira 300 bat postu desberdinetan zonaldeko nekazari asko. Baina, zertan datza gaur egungo azoka giroa? Bai Gernikakoa edota Santo Tomas egunekoa?
Istorioari pixka bat erreparatuz, konparaketa ikus dezakegu: Tello Kondeak, Gernikako herriaren sorrera gutuna egin zuenean, 1366. urtean, aipatu zuen azoka astean behin egin behar zela. Hasiera batean, azoka asteazkenetan bazen ere, geroago egunekoa bilakatu zen. Urteak igaro ahala, Gernikako merkatuen kalitateak eta garrantziak gora egin zuten . Guztien komenientziagatik, Gernikak inguruko elizateetako azoka eta feriak bereganatu zituen eta horrek, denboraren poderioz, urriko astelehen entzutetsuei hasiera eman zien.
Jaten duguna garelako, astelehen honetan, parranda botatzeaz aparte , hurreratu baserritarren postuetara eta begiratu ditzagun merezi duten duintasunaz. Hainbat urtetako esfortzuaz jorratutako eskuei so egin, haiekin hitz egin, barazkiez, gaztez, ogiez eta hauek ahora eramaten dituzuenean, beste zapore batez dastatuko dituzue. Ziur!