Gaur gaueko 22:02etan uda amaitzen da. Normalean gehien maite den urtaroa da uda, hala ere, hurrengo 89 egun dauzkagu aukera asko zabaltzen dizkigun urtaroaz gozatzeko. Bai, udazkenaz ari naiz. Egunak laburragoak dira, baina Euskal Herrian, eguraldi egonkorra izan dugu antzinatik sasoi honetan.
Hamaika gauza egin ditzakegu orain, Lea-Artibain, zein hemendik gertu. Mendia gustoko dugunontzat, momentu aparta aurkezten zaigu, bai bakardadean, familian, zein lagun artean disfrutatzeko.
Basoetako hezetasun, kolore eta isiltasuna sentitu ahalko ditugu, edota adibidez, irailairen erditik eta urriaren erdirarte, Euskal Herriko ugaztun handienak, oreinak, alegia, gertutik entzuteko gai izango gara, oso ohikoak baitira arrek elkar desafiatuz botatzen dituzten marro ozen eta sakonak entzutea. Horretarako, Gorbeiako hegoalde isurian zabaltzen diren basoak primerakoak dira. Sarriatik edota Muruatik igo zaitezkete arratsalde iluntze partera. Baina ez esan inori, sekretua da eta!
Zer esan perretxikoak gustoko badituzu, orain duzu sasoi onena ere. Identifikatzen jakin ezkero, probetxu handiko goiza atera ahalko duzue, baina lasai, ez jakitunentzat ere polita den ekintza suerta daiteke; perretxikoei buruzko liburuxka baten laguntzaz, aurkitutako onddoei argazkiak atera eta liburuarekin identifikatzen saiatzea, ekintza dibertigarri bat izan daiteke etxeko txikiekin batera egiteko. Iratxo, ipotx edo basoko izaki miresgarrien istorioak kontatuz, are eta dibertigarriagoa izango da zuen seme-alabentzat txangoa. Asko ikasiko duzue.
Zergatik dakigu, edo zergatik esaten da zehaztazun osoz udazkena noiz hasiko den eta zenbat egun eta minutu iraungo duen? Gaur hasi eta abenduaren 21era arte udazkenean egongo gara. Egunean 3 minutu eguzki-argi galtzen joango gara, gaurik luzeena heldu arte
Edota menditxo bat igo dezakezue, eta tontorrean hamaiketako eder bat jan lagunen konpainiarekin bistak kontenplatuz. Otoio, Kalamendi, Illunzar, Santa Eufemi hurbil ditugun tontor ederrak dira, baina ordu erdira baita Anboto, Alluitz edota Untxilaitx. Urkiolan bertan ditugu, eta udazkeneko egun eguzkitsu baten hauek igotzeak ez du preziorik.
Beraz, penarik ez hartu uda joan zaigulako, urtaro bakoitzak eskaintzen digunaz maitemintzeko jaioak gara eta.
Datu bat: zergatik dakigu, edo zergatik esaten da zehaztasun osoz udazkena noiz hasiko den eta zenbat egun eta minutu iraungo duen?
Bada, egutegi astronomikoari erreparatuz, gurea den Lur planeta, eguzkiarekiko orbitan dago, eta orbita horretan dagoelarik, eguzki izpiek puntu zehatz batzuetan intziditzen dute zuzenean. Urtaroak, ekinokzio eta solstizioekin kointziditzen dute, eta gaur udazkeneko ekinokzioa (latinetik gau berdina esan nahi duena) gertatzen da; eguzkia ekuatore gainean egonda gauak eta egunak iraupen bera dutelarik. Hau da, gaurko egunean zein udaberriko ekinokzioan, gauak eta egunak iraupen bera izango dute mundu guztian: 12 ordu.
Solstizioa, aldiz, (egunik luzeena udan eta egunik laburrena neguan), eguzki izpiek zuzenean tropikoen gainean perpendikularki jotzen dutenean gertatzen da (Kantzer tropikoan udan eta Kaprikornio tropikoan neguan). Ondorioz, momentu hauek dira lau urtaroak finkatzen dituztenak, gu bizi garen ipar hemisferio honetan.
Beraz, gaurtik hasita eta abenduak 21erarte udazkenean izango gara ipar hemisferioan, egunean, bataz beste, 3 minutu eguzki-argi galduz, urteko gaurik luzeenera heldu arte.