Bart, joan zinan modu-moduan egin neban negar, amama, isilean. Isilik bizi eta hil zinan, gerrarik emon barik; geuk emon dogu buruhauste nahikoa, ezta? Zeu gerrea emoten hasteko…
Danok hazi gaituzu zuk, ernegau barik, isilean, eta halantxe egin neban nik bart negar, isilean, etxe batetik besterako kanbioan neure maletea egin eta desegin nebanean. Izan be, banekian lehendik be, baina ikusi eta ikutu egin neban neure maletearen parte handi bat zeu zarana; nire gauzak, azken baten, zeureak dirana. Banekian lehendik be uste baino gehiago bete dozula gure bizimodua, geure izatea… eta bete dozula geure maletea.
Etxebizitza batetik besterako aldairan gauzak ikututea besterik ez dago holan dala probetako: txikia zinan neu lez, eta zeure etxeko jertsea jantzi dot, zeuk bordautako bainu-zapiak eskegi dodaz bainuan, zeuk erositako izarak apain ipini ohean —zuriak, eze, zeure esanean, barruko eta etxeko ehunek derrigorrez zuriak behar dabe izan—, zeuk erabilten zenduan tigrearen ukendua sartu bainuko armairuan —dana osatuten dau harek—, zeuk irakatsi legez xaboi-takoak sartu erropa artean eta zeure bitxi-kutxan gordetan zenduan argazki ha, gu biona, mahaitxuaren ganean ipini dot; zelan ez, umetan opari egindako pitxiak betiko kutxatxuan dagoz gordeta oraindino be. Ezkaratzean, atxikoria eta kafea nahastau dodaz, eta zeuk esan eta neuk idatzitako errezeten koadernoa —nik koadernoa behar dot oraindino, amama, horretan ez ei gara zure antzekoak: ez omen gara hain trebeak kozinetan— be hantxe dago, apalean tente, zeuk jositako mantelaz jantzi dodan mahaiaren ganean… Maletatik gauzak atarata, etxea janzten nabil eta zeure gauzak dira danak, amama.
Eta ez naz agurtu; seguru asko, ez dot jakin zelan egin, edo ez jataz agurrak gustetan. Agurtu ez izanak esan gura dau, beharbada, neurri baten beragaz geratu nazala, neure zati bat beragaz joan dala. Halantxe ei da: bere zati bat zeugaz eroan eta zeure zati bat beragaz joaten da uri bat atzean ixten dozun bakotxean.
Parisetik joanda be, hantxe geratu naz, eta Paris neugaz ekarri dot. Ez dodaz azken egunak pasau beti bisitau gura eta geroko gero itxita ikusi ez dodazan erakusketetan ilarak egiten. Ez dodaz azken egunak igaro txokoen zein lagunen argazkiak egiten. Ez dodaz azken egunak emon koadernoan oharrak hartuten, testuren bat idazteko; izan be, Hemingwayren berbak etorten jatazan burura: ez egizu leku batez idatzi handik urrun zagozan arte. Halan da ze, egunerokoan emon dodaz akabuko egun danak, inori edo ezeri agur egin barik. Eta, halan, agur egin barik, alde egin dodan ezkero, hantxe jarraitzen dodan sentipena be badaukat, eta behin eta barriro egiten dodaz neure, atzera be, Hemingwayren berbok: Gaztetan Parisen biziteko subertea izan badozu, gero Parisek lagun egingo deutsu, zoazen lekura zoazela, bizitza osoan. Eta ez zara egundo be turista lez ailegauko argien urira: Paris ez da egundo berbera izango, Paris izaten jarraituten baldin badau be.