Maite dodaz maite euren kontradikzinoak ageri-agerian ixten dituezan pertsonak; maite dodaz maite euren buruari barre egiten deutsienak; maite dodaz euren eritxiaren kontrakoak diran adierazpenak aditasunez entzun bitartean, isilik, pentsakor nahiz erne dagozan norbanakoak; maite dodaz zer moduz zagozan galdetuten deutsuenean, erantzuna entzuteko benetan adi geratuten diran horreek. Jende piloa maite dot, ados, halako jende franko baitago. Nik neuk, behintzat, baten batzuk ezagututen dodaz.
Gorroto dodaz euren ahotsa baino entzuten ez dabienak, besteen eritxien aurrean bapatean gor geldituten diranak; gorroto dodaz esan barri dozuna bere berbakaz atzera azalduten deutsuen horreek, eurari bururatu izan baleuskie lez; gorroto dodaz aparkatuteko lekua dagoanean, kotxea bigarren lerroan lagaten daben horreek; gorroto dodaz egun on, arratsalde on, gabon zein eskerrik asko esaten ez dakienak; gorroto dodaz beti euren minak zureak baino askozaz larriagoak, sakonagoak edo esanguratsuagoak dirala azalduteko saiakera antzua egiten dabeen burubako horreek. Halakoak be, tamalez, dezente baitagoz. Neronek, sikiera, baten batzuk ezagututen dodaz.

Egunkaria irakurten nengoan, herenegun: Beste emakume baten hilketea, istiluak Katalunian, eraso xenofoboak Alemanian, Mediterraneoa zeharkatu guran aurton olatu artean hil diran pertsonen kopurua, Siria… Eta, halako baten, ezkortasun antropologikoa sentidu neban. Gizakiarengan esperantzea galduteko puntuan nengoan, mahaiaren muturreko segapotora argazki bat heldu jatan arte.
Nire bikotxak, nire parekideak eta, azken baten, nire lagunak bidaldutakoa zan: Tanzanian —Moshi aldean, zehatzagoa izan naiten— ari da beharrean azken hilabeteotan, herrixka baten, bertako bizilagunei ahal daben guztian lagunduten. Hogeita bi urteko gizasemearen bizipoza eta sinisteko gogoa kutsatu jatazan orduantxe; iluntasuna egunsentiko argi printzaz janzten dan une horretan sentiduten dan zera iheskor hori, hain zuzen be. Hangoa benetan gogorra dala baina inoz baino zoriontsuagoa dala autortu eustan, egundo ez dabelako ezagutu han, urrunean, laguntzan dagoan jendea lakorik; inoz ez dabelako ikusi aldi berean munduaren irudi latzenetakoa, eta aldi berean gizaki talde bat bere onena emoten. Han egozan, pantailako erretratuan, etxolaz nahiz eraikin dekadentez jositako eremu baten, lanerako erropa zazkelak soinean jantzita, munduko baztar ezbardinetako lagunak.
Eta, orduan, zera pentsau neban, sarritan, gorroto dodala gizakia, munduari eta beste gizakiei egiten deutsonagaitik; baina, era berean, pertsona piloa maite dodazala maite. Eta, behingoz, sinestu neban maitagarriak besteak baino askozaz gehiago dirala. Halan behar dabela izan. Ea noz arte irauten deustan urruneko anaiak kutsatutako esperantzeak