Alex Zubia: 'Egunotan jaioko zaren zu'
Denbora bat pasatuko da zuk hitzok irakurri ahal izan arte. Inoiz irakurriko ote dituzun ere ez dakit. Lehendabizi zorionak luzatu nahi dizkiet zure guraso eta senideei, zu mundura etortzea poztasun arrazoi izango delakoan.
Zuri idazten dizut, Euskal Herri berri bat ezagutzera zoazelako, jakin ez dakizun arren, gure herria beste fase batera igarotzen ari delako oraintxe bertan. Momentu historiko batean gaudela dioenik ere bada, inflexio puntu batean; gutxi barru dena ahaztarazten saiatuko diren batzuk tarteko, edo historiaren ura beraien errotara eramaten saiatuko direnak, denontzako arto eta irina ehotu beharrean.
Zaila zait zuri idaztea; zaila ezagutzen ez zaitudalako eta zaila orain arte bizi ez dudan egoera baten aurrean aurkitzen naizelako, herri bezala aurkitzen garelako, behintzat zaharregi ez garenok oraindik. Lehenengoz geure bizitzan, Erakunderik gabeko heri batean biziko garelako.
Badakit erakundeak egon badaudela baita erakundetxoak eta instituzioak ere. Baina Erakundea, zu hau irakurtzeko gai izango zarenean ulertuko ez baduzu ere, Erakundea bat izan da gure herriko azken hamarkadatan.
Ari buruz hitz egiten entzungo duzu, eta gauzak nondik diohazten ikusita, txarrerako entzungo duzu gainera. Onerako… agian entzungo duzu, baina ez dut uste estatu honen pean dagoen gure herriaren hegoaldean, Madrileko Auzitegi Nazionalerako bidean ez bada behintzat.
Neuk ere ez dut onerako hitz egingo, neure burua estimu haundian daukat eta. Zer pentsatzen dudan edo ez dudan, bego neure buruan eta neure hurkoetan.
Bihar gaur hasten da, baina bihar atzo ere hasi zen. Gogoan dut orain dela urteak, desagertzera doan batek «ez itxaron biharrari, orubea hor dugu, hasi gaitezen eraikitzen» esan zuen eta inurriak bezala ekinari ekin beharrean, asko biharra erakusten zuen atzamarra begira geratu ziren.
Egunotan jaiotzen zaren zeu, izan zaitez zeure eritzien jabe, zeure historiaren jabe, baina historia irakurriko duzunean, jakizu etsai batek esan zuena, «hiltzen du, baina ez du gezurrik esaten». Egia iraultzailea da eta.