Alex Zubia: 'Erraldoietan erraldoi'
Gu gure gauza txikietan gabiltzan artean, badakizue, autonomia eskas honetako hauteskundeak eta horrelakoak, mundua mugitzen dutenek beste mugimendu bat egin dute eta sekulako zirrara sortaraziko dute hurrengo urteotan. Baina ez gara jabetuko segurenik. Ikusiko ditugu gure gauza txikiak, zalantza izango dugu espainiar hauteskundeetan hirugarrenez botoa ematera joan hala ez, Athleticeko kontuan ahoz aho ibiliko ditugu, krisitik irtengo garen edo ez eztabaidatuko dute inoiz krisia benetan somatu ez dutenek, krisia gogorren pairatzen dutenek ondo dakite-eta non dauden, hiperteorizazioen premiarik gabe, eta abar, eta abar eta abar.
Eta bitartean, hara non, eta jende askorentzat «mamu» antzeko bat bihurtu den Monsanto, transgenikoetan txapeldun, beste esku batzuetara pasatu den. Ez da komunikabideetan dabilen Trump aho-bero multimilionarioaren eskuetara pasa, ezta Siria bonbardatzen dutenen eskuetara –zuzenean behintzat– ezta… nahi duzuen izena ipini. Ez, gure osasuna ere zaintzen omen duen Bayer enpresaren eskuetara pasatuko da; bai, aspirinaduna. Orain arte honek gizakientzako eta landareentzako «botikak» egiten zituen, edo landareetara botatako pozoiak sendatzeko botikak, edo dena delakoa.
Ez da edonolako negozioa, txo. Berrogeita hamazortzi mila milioi baino gehiago, hau da, 58.000.000.000 euro baino gehiago, hauntzaren gauerdiko eztula, no. Astakeria bat esango dut, baina dirutza horrekin munduko gosetea konpontzeko ere egongo zen beharbada, batez ere, inori lapurtu barik, errekurtsoak hobeto erabiliz gero.
Pentsa nolako negozioa izango den Bayer, Monsantorengatik hori ordaindu ahal izateko; eta ez zen patrika hutsik geratuko, jakina.
Hauei bai ez zaiela inondik inora inporta gure eguneroko txikitasuna, beraien negozioari kalterik egiten ez dion artean, behintzat. Baina gure txikitasunak badu garrantzia, batez ere mundu hobe bat egitera zuzentzen badugu. Eta hori gure txikitasunetik egin behar dugu, gure egunerokotik, inurriak bezalaxe.
Bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duten inurriak bezalaxe, hain zuzen.