Alex Zubia: Udarako lanak
Gainean dugu uda. Eta oporrak, eta udako lanak umeen kasuan. Italiar maisu batek ikasleei agindutako lanek zeresana eman dute komunikabideetan. Nagusi garenontzat ere baliogarritzat jo eta zuokin partekatu nahi ditut.
1. Goizez, noizean behin, itsasbazterrean pasiatu bakardadean. Eguzkiaren izpiek uretan duten isla begiratu, atsegin dituzun gauza eta pertsonengan pentsatu eta zoriontsu sentitu.
2. Urte osoan ikasitako hitz berriak erabili. Horiekin gauza gehiago esan ditzakezu, gehiago pentsatu. Gehiago pentsatuz libreago sentituko zara.
3. Ahalik eta gehien irakurri. Ez eginbehar bezala. Udak abenturak eta ametsak esnarazten dituelako irakurri. Irakurriz, hegoak dituzula sentituko duzu. Irakurri, errebelatzeko bide eder bat delako.
4. Deseroso edota huts sentiarazten zaituzten egoera eta pertsonak saihestu. Maite zaituzten eta zaren bezala ulertzen zaituzten lagunak eta egoera kitzigarriak bilatu.
5. Triste edo izuturik bazaude, lasai. Udak arima ukitzen du, gauza garrantzitsu guztiek bezala. Zure sentimenduak adieraz ditzakezun eguneroko bat idatzi.
6. Dantza egin, lotsatu barik. Etxean, kalean. Uda dantza da. Pena horren parte ez izatea.
7. Behin bada ere, egunsentia ikusi. Egon eta izan. Begiak itxi, eskertuz.
8. Kirola egin.
9. Oso atsegin duzun pertsonaren bat aurkitzen baduzu, zintzotasun eta alaitasunez esaiozu. Ez kezkatu erantzunaz, esaiozu. Berak ez badu sentimendu bera ez da ezer gertatzen, ez zegokion zure bikotea izatea. Eta sentimendu bera badu, uda sasoi ederra da bidea elkarrekin egiteko.
10. Gogoratu eskolan ikasitako guztia eta oharrak errepasatu.
11. Eguzkia bezain zoriontsu, itsasoa bezain garaitezin izan.
12. Biraorik ez. Adeitasunez eta gizatasunez jokatu.
13. Elkarrizketa aberasgarriak dituzten filmak gozatu. Zure hizkera hobetzen laguntzen dute, baita amets egiteko aukerak. Filma ez dadila kredituetan amaitu, jarraipena izan dezala uda osoan.
14. Gau eta egunez, zeure bizitza hausnartu eta amestu; zer nahi duzun, nola nahi duzun. Amets hori lortzeko indarrak batu oporraldian eta ekin ametsari.
15. Pertsona ona izan zaitez.