Heldu da Gernikako Urriko Azken Astelehena eta hemen behar zaituztegu denok, zuen eros-jan-edan ohiturekin euskal baserriari laguntzen. Azken finean hori bait da euskal baserriari laguntzea, diskurtsoetatik aparte, laguntzetatik aparte… benetan baserri munduak, geratzen diren apurrak iraun eta udaberri antzeko bat ezagutuko badu, zuei esker izango da, geure ekoizpenak, erosi, jan, edan… gozatuko dituzuen zuei esker.
Ez nabil urriko azken astelehenaren apologia egiten ari, ez du behar, nahikoa izen du berez ere, nire laguntza gabe. Baina Urriko Azken Asteleheneko baserritarrek bai, horiek behar dute apologizatzea, egun honetakoak, astelehen guztietakoak eta herri guztietako plaza eta merkatuetakoak, baita beraiekin elkarlanean bizi-irauten saiatzen ari diren denda txikiak ere.
Arrakastatsua da astelehen hau,
nola ez da izango ba urteroko 100.000 bisitariekin! Bisitari, bai, erosleak nahikoa gutxiago izaten dira eta. Kontu egin, indabak prestatzeko 100 gramo behar dira pertsonako. Gernikara hurbiltzen zareten pertsona bakoitzak berton erositako indabak urtean egun bakar batean janez gero, horrekin bakarrik 10.000 kilo saldu beharko lirateke, kamioikada bete indaba!
2014 urteko estatistika datuei kasu eginez, pentsa, urtean bizkaitar bakoitzak egun bakar baten bertako indabak jango balituzke (1.151.905 biztanle) 115.000 kilotik gora beharko lirateke, eta 12 euro/kilo batezbesteko bat eginez, herrialdeko ekonomian 1.382.286 euroko eragina izango luke.
Ametsak amets, gaur egun gutariko bakoitzak ez ditu bertoko 100 gramo indaba jaten urtean eta jango balituzke, ez dago hainbeste indabarik… Ene! Baserritar gehiago behar dira nire 100 gramoak ekoizteko!!!
Indabak, eta piperrak, eta sagarrak, eta intxaurrak, eta kalabazak, eta tomatea, eta… Zeozerk euskal baserria bizi-iraungo badu, ni, zu, gu izango gara, kontsumitzaileak. Baita Urriko Azken Astelehenean parranda egitera etorri baina zuen ekarpentxoa egingo duzuenok.
Bitartean, gogoan izan postu barruan goiz osoa emango dutenak. Eta postu horiek bezain txikiak diren ziegatan dauden lagunak, zuek ere hemen nahi zaituztegu.