Alkatetza: negozio bikaina
Orain dela hilabete batzuk, atentzioa deitu zidan El Correo egunkarian azaldu zen artikulu batek. Esan beharra dago ez ninduela batere harritu bertan irakurritakoak. Bizkaiko alkate guztien soldatak zekartzan artikulu honek. Soldata altuenen artean gure inguruko bi alkaterenak azaltzen ziren.
El Correo-ko kazetariak ondorengo galdera planteatzen zuen artikuluan: «Merezi ahal du alkatetza bezalako erantzukizun handiko postu bat hartzea?» Noski merezi duela Markina Xemein, Gernikako edo Bermeoko alkatea baldin bazara. Markinako alkateak 58 mila eurotik gorako soldata jasotzen du urtean, Gernikakoak 74 mila eurotik gorakoa eta Bermeokoak 60 mila eurotik gorakoa.
A zer nolako txolloa alkate izatea! Hilabete bukaeran poltsikoan 4.000 eurotik gora! Lan gogorra gure alkateena. Hauek beraien postu altuetatik begiratzen duten bitartean, gure herrietako errealitatea hauxe da: langabezia, prekaritatea, esplotazioa, kontrola, alokairu garestiak… hau da, gero eta pobreagoa den herri edo langile klase bat.
Lan edo bizitza gogor bat edukitzea egunero 8-10 ordu lan egitea da, goizero 5etan jaikitzea lantegira joateko edo gauez fabrikan lan egitea. Egoera krudelagoa oraindik hilabete osoa lanean egon ostean hilabete bukaerara heltzeko arazoak izatea. Politikariak beti bezala eredua ematen, lau langileren soldataren bestekoa kobratzen, guri, beraien alderdi politikoak babestuta, argia, gasa, janaria eta alokairua igotzen dizkiguten bitartean. Beharrezkoa da langileriaren eta politikarien arteko ezberdintasun sozialaren inguruan hitz egitea, etengabeko klase borroka batean bizi gara, eta honelako joerak ezin dira normalizatu. Ez daude gure maila berdinean, ez dute erantzukizunik, izugarrizko pribilegioak baizik. Guk sistema hau legitimatzen jarraitzen badugu, herriaren kontura ederto bizitzen jarraituko dute beste aldera begira.
Herritar askok ezer ez duten bitartean, beraien ordezkari izendatzen diren hauek horrelako dirutzak jasotzea onartezina da, krimen hutsa, herriari barre egitea:errespetu falta bat.
Berehalaxe dator bueltan hauteskunde kanpainiako antzerkia, berriz igongo dira oholtza gainera zure bozka eskatzen ilusio saltzaileak. Lau urte pasa dira azkenego hauteskundeetatik. Zer aldatu da? Gu, langile, beti bezala eta beraiek dirudun.