Amaia Artetxe: "Papela eta boligrafoa"
Biharrean nengoala izan zan, apunteren bat hartu behar nebala eta, beti egin izan dodan moduan boligrafo bat hartu eta papel zantar baten idazten hasi nintzen. Hogeitamar urte honeetan munduko gauzarik normalena zala pentsaten neban ondoan neukan gazteago batek esan eustan arte hori aintzinako gauza zala. Vintage ohi da orain paperean idaztea, zu!
Zuek non apuntatzen dozuez zuen gauzatxuek? Notak etabarrak? Gure etxean ondiño be hozkailuaren atean jarrita daukagu imantatutako bloka; bertan idazten dogu etxean falta dana edo egin beharrekoak, edo lantzean behin maitasun mezuren bat bebai (azken honek benetan gomendatzen deutsuedaz; itzi zeozertxu gabaz idatzita, ikusiko dozu zelako poza irakurten dauanarentzat, eguna pozik hasiko dau!).
Gure amuma Pilarren etxean, adibidez, betidanik idatzi izan dabez ohartxuak eskatzeko azulejoan ezabatzen dan errotuladoreagaz. Bai, akorduan daukat bertara joan eta errotuladore urdinagaz «medikue 10k» edo «botikie zortzi egunez bi bidar egunien» eta haulako instrukzinoak irakurtzea.
Ba orain antza, boligrafoagaz idaztea, vintage da, aintzinako gauza. Mobilean apuntatzen dabe orain dana, Evernote, Drive eta abarretan. Oso ondo, ondo dau, horretarako dira aurrerakuntzak eta oso praktikoak dira, nik neuk be erabiltzen dodaz, baina egunerokoan, papera eta boligrafoa, mesedez.
Emoten dauanez, hain da beste sasoi batekoa tintaz paper zati batean idatzitako mezua, erromantikoa eta dana dala, gutunen moduan. Imajinatu momentu batez posta ontzian eskuz idatzitako maitasun gutun bat aurkitzen dozula. Idatzi dauan pertsonaren eskuekin idatzitako mezua, beran kaligrafia agerian izten dauana… Ze politxe! Ez dala?
Erromantikotik ezer ez dozuenok pentsaten ibiliko zarie ez dala horrenbesterako, kursi jartzen nabilela baina, inoiz itzi ete dozue deklarazio mezuren bat boligrafoz? Eta 2015.urteari buruz nabil, e? Sare sozialak, Whatsapp, Facebook, Twitter eta holakoek ,gauza oso erraz jartzen daben garai honetan, itziko ete zenduke paper zatitxo batean mezu bat ezagutzen ez dozun pertsona batentzat?
Niri atzo bertan itzi eustien. Ez sinisteko modukoa. Donostiako aparkaleku batean autoa itzi eta bueltan autoa bila noala, aurreko leihoan papertxo bat ikusten dot. Pentsatu neban lelengo gauza isuna zala izan zan. Ba ez. Mezu bat zan; eta hau esaten dau: «Autoa aparkatu dozunean ikusi zaitut eta ezin izan dot aguantatu mezu hau izteko gogoa», bere izena eta telefonoa!!!! Bai, bada vintage, erromantikoa eta aintzinakoa papera eta boligrafoa.