Egunak pasatu diren arren, ez da batere erraza izan lerro hauek idaztea. Martxoaren 25ean agur esan zigunetik saiatu naizen arren, ez dut adorerik izan testua osatzeko.
Zarata handirik egin gabe eta inor molestatu gabe joan zen, berak beti egin ohi zuen moduan. Bere hutsuneak ohiartzun handia izan du eta izango du ordea. Bizitza guztia inoren mesedetan pasatu du Felixek. Omenaldietan eta argazkietan azaltzerik gustatzen ez zitzaion arren, erdi izkututik inoiz eskertu ezingo diogun lan ikaragarria egin du.
Batez ere, herriko eta eskualdeko txirrindulari gazteei, baita beste askori ere, babesa eman izan digu kirol honetan aurrera egiteko behar genuen dena emanez. Baina ez hori bakarrik, kirolerako oinarriak jartzeaz gain, bizitzarako oso garrantzitsuak diren baloreak transmititu dizkigu. Gazteei kirola egin eta ohitura osasuntsuak barneratzen laguntzeaz haratago, persona bere osotasunean hezten ere oinarrizkoa izan da.
Herriarentzako ere, hainbat lasterketa eta ikuskizunetan, antolakuntzaren bultzatzaile nagusia izan da urte askoan. Ikaragarria egindako lan eskerga eta den-dena musutruk; hobeto esanda, bere denbora eta poltsikotik asko jarrita.
Txirrindularitza, nire bizitzako osagai garrantzitsuenetakoa izan da. Bizitzeko modu bat eman dit, eta bizimodu horretan lorpen eta poz asko. Tartean une zailak bizi behar izan ditudan arren, pozik egoteko moduko ibilbidea bete dudalakoan nago, eta bide horretan, beti izan dut alboan Felix. Hastapenetan bidea erakutsiz eta ondoren hain beharrezko nuen babesa eskainiz. Bi aita izan ditudan sentzazioa izan dut beti: Nire aita, Jose Antonio batetik, baina kirol arloari dagokionez aitatzat nuen Felix. Berari esker lortu dut lortu dudana.
Aita baten galera ez da batere erreza eta hutsune hori betetzea are eta zailagoa. Sentipen hori daukat eta eskauldeko txirrinularitzak ere berbera duelakoan nago. Edonola ere, saiatu beharko genuke, denon artean baldin bada ere, berak ereindakoari jarraipena ematen. Ez da lan erreza izango baina bere omenez saiatu beharko genuke! (Omenaldi zalea ez da inoiz izan, beraz, egin geniezaioken keinurik politena bere lanari jarraipena ematea dela deritzot).
Dena eman duzu gugaitik; kirol honekiko eta guganako maitasuna uneoro erakutsiz, trukean ezer jasoteko intentziorik gabe. Zauden lekuan zaudela, gure esker ona iritsiko zaizulakoan… Besarkada haundi bat eta ESKERRIK ASKO FELIX!!!